Ezta aipatu ere. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ETAren armagabetzearen hasiera ez du aipatu ere egin gaur Espainiako nazioaren egoerari buruzko eztabaidako diskurtsoan, Kongresuan. Hamabietan ekin dio Rajoyk hitzaldiari, ordu eta erdiz mintzatu da, eta Euskal Herriko bake prozesuaz ez du hitzik egin.
Ekonomia izan du ardatz Espainiako gobernuburuak: krisia, langabezia, barne produktu gordina... berrogei orrialdeko hitzalditik 32 izan dira ekonomiari buruzkoak.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunaren arabera, Rajoyk erakutsi du Euskal Herriko gatazkak ez duela kezkatzen eta ez diola astirik eskaintzen.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak lehengo astean Bilbon jakinarazi zuen ETAk ekin diola armagabetzeari, eta aukera paregabea dagoela bakebidean aurrera egoteko. Dena dela, ohartarazi du Espainiako Gobernuak jarrera itxiarekin segitzen badu oso zaila izango dela prozesua.
Esteban Gonzalez Pons PPko Ikasketa eta Programa idazkariordeak asteburuan adierazi du egiaztatzaileak "ETArentzat lanean" ari direla, "ez Espainiarentzat".