Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen Eusko Legebiltzarrak iragan maiatzaren 29an, EAJk eta EH Bilduk babestuta. Ekainaren 8an, berriz, 150.000 lagun batu ziren erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean.
Bi adibide horiek jarrita, erabakitzeko eskubidearen aldarriaren aurrean zer egingo duen galdetu dio Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Azaldu dio erabakitzeko eskubidea gauzatzea "ariketa demokratikoa" dela, eta gogorarazi ariketa hori egingo dutela Europako beste herrialde batzuetan.
Hala erantzun dio Rajoyk: "Ez dugu konpondu gabeko konturik demokrazian; zuek, ordea, bai; ETA desegiteko eskatzea eta publikoki barkamena galdegitea". Ihardetsi dio Espainia herrialde demokratikoa dela: "Horregatik egon zaitezke hemen".
Demokrazia "legearen inperioa" dela ohartarazi du Rajoyk, eta erantsi "subiranotasun nazionala Espainiako herri osoari" dagokiola: "Erabakitzeko eskubidea nahi baduzu, legea bete eta jarraitu ezarritako irizpideak".