Espainiako Kongresuan, gobernuaren kontrol saioan galdetu dio Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren inguruan Aitor Esteban EAJko diputatuak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Rajoyk azaldu duenez, zentrala berriro martxan jartzeko erabakia hartzeko, itxaron beharra dago Nuclenorrek —zentrala kudeatzen duen enpresak— eskaria aurkeztu eta Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak txostenak idatzi arte.
"Hortik aurrera hartuko dugu erabaki bat, eta denok eman ahal izango dugu iritzia ezagutza handiagoarekin", esan du. Estebanek, berriz, gobernuari egotzi dio otsailaren 21ean Garoña berrabiatzeko neurriak onartu izana, eta zentrala berriz martxan jartzearen arriskuez ohartarazi du. 2012ko abendutik etena du jarduera Garoñak.
"Zentral hori kentzeak ez du kosturik, eta ezin da energia merkea arrisku larrien bizkar eskuratu, zentral zaharkituak erabiliz", azaldu du. Jarduerari berriro ekiteko, Nuclenorrek uztailaren 5a baino lehen aurkeztu behar du horretarako eskaera. Ondoren, CSNk eman behar dio oniritzia.