Estrasburgok Parot dotrina ontzat jotzea espero duela adierazi du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. "Nik uste Parot doktrina oso tresna erabilgarria izan dela terrorismoari aurre egiteko, eta espero dut hala ulertzea", adierazi du Espainiako Kongresuan.
Rajoyrekin bat egin du Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek. Estatuaren abokatuaren argudio "sendo eta sakonek" doktrinaren egokitasunaz konbentzituko dituzte Estrasburgoko epaileak, Ruiz Gallardonen iritziz. Azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak orain arte eginikoak ez diren "interpretazioak" ontzat jotzea "objetiboki bidegabea izango litzateke Espainiako gizartearentzat". Ruiz Gallardonek ohartarazi duenez, neurri hori bertan behera utziz gero libre geratuko dira "delitu oso larriak" egin dituzten presoak.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere hitz egin du 197/2006 doktrinaz. Nabarmendu du ezin dutela espetxealdi berdina izan hogei urteko zigorra edo 2.000 urtekoa duten presoek.