Ameriketako Estatu Batuetara eginiko bidaiaren amaieran hedabideekin eginiko solasaldi batean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du ez duela "inolako asmorik" espetxe politika aldatzeko edo gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko.
Halaber, Rajoyk aitortu du oraindik ez duela datarik ezarri Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartzeko. Urkulluk bilera bat egiteko eskatu dio Rajoyri, besteak beste azken egunetako gertakarien inguruan mintzatu eta Jaurlaritzak eginiko Bake eta Bizikidetza Plana aurkezteko.
Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esandakoaren ildotik jardun du, beraz, Rajoyk. Fernandez Diazek esan zuen PPren gobernuak ez duela espetxe politika aldatuko "manifestazio baten edo birengatik". Presoen sakabanaketa amaitzeko bide bakarra ETA desegitea eta biktimei barkamena eskatzea dela gaineratu zuen.