Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak adierazi du agerian gelditu dela UPNren gobernuak hauteskundeak deitzeko "beldurra" duela. Ramirezen ustez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu izanak eta UPNren erantzunak, argi uzten dute herritarrei hitza emateko dagoen beharra; horrela bakarrik konpondu daitekeelako "huts egindako UPNren gobernuak sortzen duen ezegonkortasun politiko eta ekonomikoa".
Boterean "modu batean edo bestean" mantendu nahi izatea egotzi dio Bilduko parlamentariak Nafarroako Gobernuari, eta bozetara deia atzeratzeak Nafarroa "hondamenera" eramango duela esan du. Ramirezen ustez, "UPNren Gobernua, eta boterean mantentzeko bere ahalegina, oztopo bat da herritarrek eskatzen dituzten aterabide ekonomiko eta politikoei erantzuteko ziklo berri bat irekitzeko".
UPNk ez du uste EAEko bozak aurreratzeak Nafarroan eragingo duenik
Nafarroako Gobernuko eledunak, Juan Luis Sanchez Muniainek, ez du uste Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde aurrerapenak inongo eraginik izango duenik Nafarroan, nahiz eta gaur egun UPNk gutxiengoan gobernatzen duen. Sanchez Muniainen arabera, EAEn legealdia amaitzear dago, eta bozetara urriaren 21erako deituta, "lau hilabete besterik ez du aurreratu" Patxi Lopezek. Haren ustez, PSE-EEren "hauteskunde estrategia" baten ondorio da erabakia; "neurri gogorrak hartzerak duen kostu politikoa ekiditea".
Sanchez Muniainen arabera, egoera horrek ez du zerikusirik Nafarroarekin, bertan legealdia hasi besterik ez delako egin. Urtebete pasa besterik ez du egin gobernuak, nahiz eta hamalau hilabete eskasean gobernua hautsi eta PSN bertatik atera den. Sanchez Muniainen arabera, hauteskundeek "administrazioaren jarduera eteten dute", eta hori kaltegarria da garaiotan, lehentasuna "Nafarroako arazoak konpontzeak duelako".