euskal presoak

Ramon Aldasoro eta Raul Alonso presoei ere 'Parot doktrina' ezarri die Auzitegi Nazionalak

Aldasorori 2027ra luzatu diote kartzela zigorra, eta Alonsori 2021era. Ines del Rio presoaren auzian, Europako Auzitegiak martxoan emango du 197/2006 doktrinari buruzko behin betiko ebazpena.

2013ko otsailaren 4a
19:23
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak beste bi euskal presori luzatu die kartzela zigorra, 197/2006 doktrina ezarrita: Ramon Aldasorori eta Raul Alonsori. Biok hamasei urtetik gora daramatzate preso.

Aldasoro 1997an espetxeratu zuten, eta hamasei urte daramatza preso. Irteera eguna 2017ko urriaren 27rako finkatu zioten, baina Parot doktrina deiturikoa ezarri diote orain, eta, hala, irteera eguna 2027ra arte atzeratu. Castello II-Albocasser espetxean dago (Herrialde Katalanak).

Alonso 1991n sartu zuten preso. Irteera eguna 2015eko martxoaren 25erako zuen, baina orain 2021era luzatu diote zigorra. Hura ere Castello II-Albocasserren daukate preso. 

Etxerat elkarteak dioenez, 93 dira 197/2006 doktrinaren bitartez "bizi osorako espetxe zigorra" ezarri dieten euskal presoak. Haietatik 73k oraindik kartzelan jarraitzen dute.

Joan den uztailean Europako Giza Eskubideen Auzitegia Parot doktrina-ren aurka azaldu zen Ines del Rio presoaren kasuan. Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen udara ostean, eta Europako Auzitegiak martxoan emango du behin betiko ebazpena.

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.