Azkenaldiko zurrumurrua zen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak aldaketak egingo zituela bere taldean, besteak beste, Jose Corbacho Lan ministroaren irteera iragarrita zegoelako. Baina aldaketen sakona uste baino handiagoa izan da: Maria Teresa Fernandez de la Vega lehen presidenteordea eta hasiera-hasieratik Zapateroren berme nagusietakoa gobernutik kanpo geratu da. Halaber, kendu egin ditu Berdintasun eta Etxebizitza ministerioak, hots, politika sozialen ikuspegitik Zapateroren apostu handienetakoa izan direnak. Ondorioz, Bibiana Aido Berdintasuneko ministroa eta Beatriz Corredor Etxebizitzakoa gobernutik kanpo geratu dira.
Aldiz, Ramon Jauregi (Donostia, 1948) PSEko kide historikoa da ministro berrietako bat; zehazki, Lehendakaritzako ministro izendatu du, eta, horrenbestez, lehenago De la Vegak betetzen zituen zenbait funtzio bere gain hartuta, gobernu berriaren funtsezko kideetako bat bihurtu da. "Gogotsu eta leial" lan egingo duela zin egin du Jauregik bere izendapena publiko egin ondoren, eta Zapateroren deiaz oso harro dagoela esan du. "Aro zail batean gaude, niretzat erronka bat den aro batean", gaineratu du.
Baina, dudarik gabe, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa da azken mugimenduak indartu duena: Barne ministro izaten jarraituko du, eta, horrez gain, lehen presidenteordea eta gobernuaren bozeramailea izango da.
Gainerako aldaketa nagusiak honakoak dira:
- Trinidad Jimenez egungo Osasun ministroak Atzerri Ministerioa hartuko du bere gain Miguel Angel Morantinosen ordez.
- Valeriano Gomezek hartuko du Lan eta Immigrazio Ministerioa Jose Corbachoren ordez.
- Rosa Aguilar independenteak (IUko kide izan zen urte askoz) Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioa hartuko du.
- Leire Pajin PSOEko Antolakuntza idazkariak Osasun, Berdintasun eta Gizarte Politika Ministerioa hartuko du Trinidad Jimenezen eta Bibiana Aidoren ordez.
POLITIKA
Ramon Jauregi Espainiako Lehendakaritza ministro
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak aldaketa handiak egin ditu gobernuan, eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak pisu handia hartuko du. "Gogoz eta leial" ariko dela lanean esan du Jauregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu