Ramon Jauregi PSOEko diputatu eta Batzorde Konstituzionaleko bozeramaileak esan du Nafarroako Gobernua NaBairekin eta NEBrekin osatzeari uko egiteko arrazoi nagusietako bat NaBairen "helburu anexionista" izan dela. " Nafarroa Bairekin genuen desadostasun handiena zen koalizio horrek Nafarroa Euskal Herrian txertatzeko proiektua duela", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Bakoitzak, zilegitasun osoz, asmo batzuk ditu politikan, eta euskal abertzaleek Nafarroa Euskal Herrian txertatzeko helburua dute epe luzera. Zilegia da, baina hori bezain zilegia da Nafarroako sozialistek pentsatzea adierazpen politiko hori duen koalizio batek ez diola nafarren gehiengoari erantzuten".
Gobernuaren osaketa negoziatzekoan NaBaik ez dituela inola ere helburu horiek aldarrikatu onartu du Jauregik, baina "Nafarroako sozialistentzat" gai sentibera dela azpimarratu du: "Negoziazioan NaBairen pragmatismoa mirestekoa izan da, baina historiari eta herritarrei azaldu behar zaie Nafarroako desadostasun politiko sakonekoa eragiten duela euskal abertzaletasunaren borondate anexionista garbiak. Nafarroako sozialistak oso sentibera dira gai horren inguruan, eta horrek eragotzi du eskuineko gobernuaren ordez beste bat eratzea".
Dena den, PSNk Nafarroan egingo duen politika baliagarria eta eragingarria izango dela aldarrikatu du Jauregik. Izan ere, UPNren eta CDNren arteko koalizio gobernua gutxiengoan egonik, sozialistek eragiteko gaitasun handia izango dutela uste du.
Politika
Ramon Jauregiren arabera, NaBairen "helburu anexionistak" eragotzi du PSNrekin gobernua osatzea
PSOEk koalizio horrekin duen "sakoneko desadostasuna" Euskal Herriaren eta Nafarroaren ikuspegiari buruzkoa dela onartu du Ramon Jauregi diputatu sozialistak. UPN-CDN gobernua gutxiengoan egonik, PSNk haien politiketan eragiteko gaitasuna izango duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu