1960ko martxoaren 28an jaio zen, Azkoitian, Ramon Oñederra Bergara Kattu. "Mugitua eta bizia" zela diote haren gurasoek eta senideek. Hiru anai-arreben artean erdikoa zen, arreba zaharrago bat eta gazteago bat zituen.
Gaztetatik inplikatu zen politikan. EGAM Euskadiko Gaztedi Abertzaleen Mugimenduko kide izan zen, eta 16 urterako propaganda lanak egiten zebilen. Etxekoek ez zekiten horren berri; "gerora jakin genuen", kontatu du haren arreba zaharrenak. Soldadutza egiteko garaia iritsi zitzaionerako, Lapurdira ihes egina zen, baina haren aitak gogoan du nola esaten zion Franco ez zuela "zerbitzatuko". 19 urterekin joan zen Ipar Euskal Herrira.
Oñederraren familiak ez du erraz ahaztuko Lasa eta Zabalaren desagertzea. Lagun onak ziren hirurak, eta Oñederra izan zen GALek eraildako bi tolosarrak ikusi zituen azken laguna. Elkarrekin afaldu zuten Lasa eta Zabalarena gertatu zen egunean. "Hurrengoa ni izango nauk', esan zien lagunei.
Haserre izugarria piztu zuen haren hilketak herritarren artean; orduan, Lasarena eta Zabalarena argitu gabe zela, GALen lehen hildakotzat jotzen zuten. Geroztik, urtero egiten diote omenaldia Azkoitian bertan, hil zuteneko urtemugan.
Kasuaren nondik norakoak
Espainiako Auzitegi Nazionalak zabaldutako sumarioan hasieran ez zen inor auzipetu. Gero, Perurena, Gurmindo eta Olaskoagaren hilketekin batera sumario bakarrean joan zen. Inputatuen artean zeuden Luis Roldan –gobernuaren Nafarroako ordezkaria hilketaren garaian–, Jose Antonio Saenz de Santamaria, Andres Cassinello, Enrique Rodriguez Galindo, Felipe Bayo, Enrique Dorado guardia zibilak eta CESIDeko Emilio Alonso Manglano, Juan Alberto Perote, Emilio Jambrina eta Pedro Gomez Nieto. Horietako zenbaiti inputazioa kendu zitzaien gero. 2003ko urtarrilean artxibatu zuen auzia Auzitegi Nazionalak.