Politika

Ramon Sagarzazu aske uzteko agindu du Auzitegi Nazionalak

Atzo atxiki zuten, Irungo polizia etxera nortasun agiria berritzera joan zenean. Santiago Pedraz epailearen arabera, hari leporatzen dizkioten akusazioak baliogabetuta egon daitezke gaur egun. 1993ko auzi batengatik atxiki zuten atzo Sagarzazu. 2006an atzeman zuten azkeneko aldiz, ETAren 'iraultza zerga'-rekin lotuta, eta joan den urrian utzi zuten aske, bermea ordainduta. Orain hamabostean behin sinatzera joan beharko du.

2007ko abenduaren 13a
19:01
Entzun
Ramon Sagarzazu aske uzteko agindu du gaur Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, hari leporatzen dizkioten akusazioak baliogabetuta egon daitezkeelako gaur egun. Fiskaltzak neurri bera eskatu du. Baldintzapean gelditu da aske; hamabostean behin sinatzera joan beharko du.

Preso ohi oiartzuarra (Gipuzkoa) atzo atxiki zuten, Irungo (Gipuzkoa) polizia etxera nortasun agiria berritzera joan zenean. Bertan eduki dute gaur arte. 1993ko auzi batengatik bera atxilotzeko eskaera dagoela adierazi zion Poliziak Sagarzazuri.

2006an atzeman zuten azken aldiz, ETAren iraultza zerga-rekin lotuta, eta iragan urrian utzi zuten aske, bermea ordainduta. Ez zuten inkomunikatu.

Sagarzazu gaur ordubatak aldera polizia etxetik epaitegira eramateko zain zeuden; hemen emango diote Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri.

Askatasunak agertu zuenez, atxikitzearen arrazoiaren berri eman zietenean, Auzitegi Nazionalera deitu zuten atzo Sagarzazuren abokatuek auziaren nondik norakoen berri jakiteko. Auzitegi Nazionalean, ordea, ez zieten zehaztasunik eman: 1993ko artxiboak ez dauzkatela han eta gaur arte ezingo zietela erantzun. Halaber, auziaren jabe egin arte Sagarzazuk Irungo polizia etxean jarraituko duela agertu zieten. Familiak, ordea, 1993ko auzi horrengatik ezarritako zigorra bete zuela eta okerren bat dagoela uste zuen.

Sagarzazu iheslari ibilia eta preso izana da. 2006ko ekainean atxilotu zuten ETAren iraultza zerga-rekin lotuta, eta joan den urrian geratu zen aske bermea ordainduta. 71 urte ditu, eta haren osasunarekin kezkatuta agertu zen Askatasuna atzo.

Atxiloketa salatzeko, 150 lagun bildu ziren atzo gauean Oiartzunen asanbladan eta ondorengo manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.