Madrilgo gertakarien inguruan arreta gehien piztu diona ETA ez zela jakitean euskaldunek, oro har, hartutako "lasaialdia" izan dela adierazi du Saizarbitoriak. "Gure kezka eta lasaialdi horretan ikusten da indarkeriak nolako kaltea egiten digun euskaldunoi. Nire lagun bat psikiatra da Madrilen, eta ibili zen zauritutako jendeari-eta laguntzen. Abizen euskaldun eta luzea duenez, erabaki zuen jende hura zaintzeko bata zuria kentzea, bazekielako lehen une hartan, Otegik ez beste guztiok ETA izan zela uste genuenean, psikiatraren eta zaurituaren arteko harremana kalte zezakeela. Gainera, ez dut uste hori egin zuen euskaldun bakarra izan zenik", agertu du. "Anekdota handia da, adierazten duena indarkeriaren ondorio zuzenekin ez ezik, zera gehigarriarekin zenbat sufritzen dugun. Alde batetik daude heriotzak, eta, bestetik, normal aldarrikatu beharko genituzkeen gauzak aldarrikatzeko ezintasuna errundutasun sentimenduak eraginda".
Sarraskiaren ondoren PSOEk Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi izanak garai bat amaitarazi duela uste du idazleak; hein batean, pentsamendu bakarraren aroa. Hala ere, egoera erabat bere onera joan dadin, denbora beharko dela iritzi dio. "Uste dut zerbait amaitu dela. Espero dut sozialisten jarrera bestelakoa izango dela.", esan du, baina bat-batean, ez duela aldaketa handiegirik espero azpimarratu du. "Gauzak bere onera, trantsizio garaira, ekartzeko denbora beharko da. Euskal kulturaren eta euskararen inguruan urak bere lekura itzul daitezen, denboratxo bat pasa beharko da".
Ildo horretatik, Euskal Herritik kanpo hemen gertatzen dena azaltzea eta ulertaraztea oso zaila dela nabarmendu du Saizarbitoriak; hain justu, ez dela ulertzen. Areago, gure gizartean ere gauzak normaltasunez egitea gaitza da idazlearen aburuz, den-dena politizatua ikusten baitu: "Dena dago politizatua, eta gure eguneroko bizitzan esan daiteke ez dagoela ekintza neutrorik, politizatu gabe ez dagoenik.Adibidez, adin bateko edo soslai jakin bateko norbaitek euskal txapela janztea aldarrikapen gisa ikusten da, euritik edo hotzetik babesteko ekintza gisa ulertu ordez".
Elkarrizketa
Ramon Saizarbitoria: "Dena dago politizatua; gure eguneroko bizitzan ez dago ekintza neutrorik"
Ramon Saizarbitoria idazle donostiarren iduriko, euska gizartean dena dago politizatuta, neurri handi batean, indarkeriaren ondorioz. Hain zuzen ere, ETAren indarkeriak berezko sufrimendu zuzenaz gain, erruduntasun sentimenduan oinarritutako "sufrimendu gehigarri bat" sortzen diela euskaldunei esan du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiak hori agerian utzi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu