genero indarkeria

Rangel hil izanaz ez dela oroitzen esan du haren bikotekideak

Goizean deklaratu du epaiketan ustezko hiltzaileak. Aitortu du arazoak zituela bikotekidearekin, zeloengatik. Ustez hil zuen gauan drogen eraginpean zegoela adierazi du, eta eztabaida izan zuela Rangelekin. Labana bat hartu zuela ere baieztatu du, baina erasoaz ez dela gogoratzen berretsi du.

2012ko maiatzaren 15a
18:06
Entzun

Defentsako abokatuak hartutako bideari erabat lotu zaio gaur goizean Clara Rangel zenaren bikotekidea: emakumea hildako gauan drogen eraginpean zegoela adierazi du, eta ez dela gogoratzen hilketa egin izanaz. Akusazioen galderei erantzutean aitortu du eztabaida izan zuela gau hartan bikotekidearekin. Asteak zeramatzaten ika-mikan; gizonak onartu du zeloak zeuzkala, uste baitzuen Rangelek harremanen bat zuela bere anaiarekin. Rangeli ez ezik, anaiari ere eraso egin zion akusatuak ustez, eta semeari ere bai. 

Abokatuak atzo epaiketaren hasieran esandakoa berretsi du, horrenbestez, akusatuak. Jeloskor zegoela, eta drogen eraginpean. Hilketa egin izana ez du ukatu epaimahaiaren aurrean: "Ekintzek berez hitz egiten dute", esan du. Labana bat hartu izanaz gogoratzen dela onartu du, baina ez eraso egin izanaz. Andrea haurdun zegoenik ez zekiela adierazi du, fiskalak galdetu ostean. 

Absoluzioa eskatu du defentsako abokatuak, gizona bere buruaren jabe ez zelakoan. Haren arabera, "behin-behineko buruko nahasmendua" zuen akusatuak. "Alkohola eta kokaina hartu zituen. Kokaina maiz kontsumitzen zuen, eta, horren ondorioz, sudur hezurra zulatua zuen". 

Akusazioek, berriz, 35 urte arteko zigorrak eskatu dituzte. Fiskala: "Erasoa oso bortitza izan zen. Biktimak ez zuen defendatzeko modurik izan. Gainera, anaiak aurre egin izan ez balio, andrearen seme zaharrena ere hilko zuen". Seme-alabei eragindako kaltea ekarri du gogora. "Txikienek ez dute gogoratzen ama".

Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritza Bereziko abokatuak ere hori defendatu du. "Alkoholaren eta kokainaren kontsumoak bakarrik ezin du halako gertaera larri bat azaldu. Ezin dute zigorra saihesteko argudio edo arrazoi izan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.