Urtarrilaren 8an izan zen, baina gaur jakin du Etxerat-ek, Raul Adunak berak kontatuta. Esan duenez, Palaiseko epaitegira eraman eta hango ziegan preso arrunt batekin sartu nahi izan zuten funtzionarioek, eta uko egin zion, bi pertsonarentzat ez zegoela lekurik esan ondoren. Funtzionarioak sartzeko esan zion, eta Adunak ezetz. Lurrean eseri zen, baina jarrera erasokorrik erakutsi gabe, presoak dioenez.
Lurrean zegoela jo zuten, eta ondoren bere burua pasilotik arrastaka ikusi zuen. Ez daki paparretik heldu zioten lurretik altxarazi ostean. Uste du horrela izan zela, baina ez dauka argi zer gertatu zen, konortea galdu zuela uste du eta. Lurrean zela arroparekin eta eskuekin itotzen ari zirela sumatu zuen, eta oihuak entzun zituen. Ziegan sartu zutenean funtzionarioen arduraduna joan zitzaion, eta funtzionarioa jo zuela esan zion, baina, Adunak dioenez, berak ez zuen inor jo. Diziplina Batzordea izan du espetxean horregatik, eta hogei eguneko zigorra jarri diote, baina ez du bete beharko.
Ander Mujika, zigortuta
Ander Mujika presoak bost aste daramatza zigor ziegan, Bourg-en-Bresse espetxean, Euskal Herritik 99 kilometrora; bakarrik dago, eta lagunak ia ikusi gabe, Etxerat-ek esan duenez. Ziega horietan ez dituzte beharrezko gauza guztiak, eta patio orduak murriztuta dauzka.
Etxerat-ek salatu du euskal presoek egunero jasaten duten tentsioak beren osasunean eragiten duela, eta nabarmendu du giza eskubideen urraketa "etengabekoa" dela.