Mariano Raxoi Espainiako presidente hautatu dute gaur eguerdian Kongresuan, Madrilen, PPren, UPNren eta FACen aldeko botoekin (187) eta EAJren, Amaiurren eta CCren abstentzioarekin. Gainerako alderdiek ezezko botoa eman dute (147), baina PPren gehiengo osoari esker (350etik 185 parlamentari dira PPkoak, erdia baino hamar gehiago) ziurtatuta zuen Raxoik bere hautaketa.
Inbestiduraren bigarren saioa egin dute gaur Kongresuan, eta atzo ez bezala, Euskal Herria hizpide izan da goiz osoan zehar. Josu Erkorekak (EAJ), Iñaki Antiguedadek (Amaiur), Uxue Barkosek (Geroa Bai) eta Carlos Salvadorrek (UPN) hartu dute parte gaurko saioan.
EAJk aurretik iragarria zuen Raxoi entzun ondoren erabakiko zuela bere botoa, eta parte hartu ostean baieztatu du abstentzioa. Bozketaren ostean Jesus Posada Kongresuko presidenteak emaitzaren berri emango dio Espainiako erregeari eta izendapena egiteko tramitea hasiko da. Amaiurrek argudiatu du ez dakiola Espainiako presidentea hautatzea.
Raxoik bihar iragarriko du nortzuk osatuko duten Gobernua.