konponbideari begira

Raxoi eta Lopez ostiralean bilduko dira, Moncloan

Jaurlaritzako lehendakariak espetxe politika aldatzeko eskatuko dio Espainiako presidenteari, Lehendakaritzako iturrien arabera. Biak otsailean batzartuko zirela esaten zuten lehen. Atzo Herrizaingo sailburuak eta Barne ministroak egin zuten bilera, eta kartzela politikaz ikuspuntu desberdinak dituztela erakutsi zuten.

2012ko urtarrilaren 25a
08:43
Entzun

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ostiral honetan bilduko dira, Moncloan, gaur arratsaldean Lehendakaritzako iturriek esan dutenez.

Arratsaldeko seietan hasiko dute bilera eta, Lehendakaritzaren arabera, ETAk borroka armatua utzi ondorengo egoera izango dute hizpide, erakunde armatuaren behin betiko desagerpena eta "Euskadiko bizikidetza demokratikoa" eraikitzeko lankidetzan aritzeko asmoz. Lopezek espetxe politika aldatzeko eskaera egingo dio, eta irailean Eusko Legebiltzarrean bakegintzarako aurkeztutako oinarriak azalduko dizkio.

Krisi ekonomikoaz ere ariko dira, iturri hark dioenez.

Raxoi eta Lopez otsailean batzartuko zirela esaten zuten lehen. Atzo Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak egin zuten bilera, Leioan. Espetxe politikaz ikuspuntu desberdinak dituztela erakutsi zuten: Aresek kartzela politika "dinamikoagoa eta malguagoa" nahi du, eta Fernandez Diazek baldintza gisa ETA desagertzeko eskatu du.

Iazko abenduaren 21ean izendatu zuten Raxoi presidente. Lopez 2009ko maiatzetik dago Jaurlaritzako agintean.

Espainiako gobernuburua otsailean Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearekin biltzekoa da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.