Mariano Raxoiren inbestiduraren bigarren saioan alderdi abertzaleek hartu dute hitza lehenik gaur goizean. Iñaki Antiguedad Amaiurreko parlamentariak Amaiurrek Kongresuan dituen mugak aipatuz hasi du bere hitzaldia, zazpi parlamentari izan arren taldel propioa izaten utzi ez diotelako, eta ondoren esan du Amaiur entzuteko prest dagoela baina entzun ditzaten joan direla Madrilera, "formarik galdu gabe eta handinahikeriarik gabe". "Elkar ulertzera kondenatuak gaude", esan du.
Urriaren 20an aro berri bat ez, bi aro berri hasi zirela esan dio Antiguedadek Raxoiri, eta legebiltzarkide kopuruan Hego Euskal Herrian lehen indar politikoa Amaiur dela esan dio; horregatik lau lurralde horien mapa begiratzera deitu du. "Lehengo erantzunek ez dute balio. Galdera berriak daude orain erantzuteke", esan dio Antiguedadek. Krisi ekonomikoaz gain, Espainian lurralde krisia ere badagoela azaldu dio, eta proiektu politikoen talka ere bai. Horregatik bigarren trantsizioa egin beharko litzatkeeela iradoki du, "Espainiaren plurinazionaltasuna" jasoko duena.
Gatazka politikoa dela aldarrikatu ostean, erradikala izateko eskatu dio Raxoiri Amaiurrekoak, hitz horrek espainieraz duen adiera bat gogora ekarriz. "Izan zaitez estadista, Espainian horren behar handia dago eta", adierazi du. Bere hitzaldia Raxoiri eskua zabaltzera eta inplikatzera deituz amaitu du, eta presoen gaian legea oztopo ez dadila izan eskatu dio. Bide batez gogorarazi dio atzo Nafarroako Parlamentuak presoen aldeko mozioa onartu zuela. Antiguedadek Aieteko Adierazpena ere gogorarazi dio Raxoiri, eta biktimez hitz egiterakoan handik metro gutxira biktimak izan zirela gogoratu du Antiguedadek, 1989ko azaroaren 20an Josu Muguruza HBko parlamentaria hil zutela gogoera ekarriz.
Epe ertzain eta luzean elkar topatuko direla esan dio Antiguedadek
Raxoik muzin egin dio Antiguedaden eskaintzari, eta gogor erantzun dio, immobilismoa babestuz. "Pausoak eman dituzuela esan duzue. Zer pausoa eman behar dut nik?", esan dio Antiguedadi. Bera eta espainiarrak ETAren atzeraezinezkoa desegitearen zain daudela erantzun du Raxoik. "Nik eman beharreko pauso bakarra legea betetzea da, nik zuri ez dizut ezer zor", bota du, PPko parlamentarien txaloak jasoz. Antiguedadek ondoren esan dio ez zuela esan nahi ezer zor zionik, baina Aieteko Adierazpenean nork parte hartu zuen gogorarazi dio, eta PP falta zela.
Amaiurreko parlamentariak esan dio, gainera, Ipar Irlandan unionistak damutu egin zirela bakearen alde hamabost urte lehenago egin ez izanaz, eta errepikatu dio Raxoiri elkar ulertzera kondenatuta daudela, eta Amaiurrek ez duela etsiko. "Epe motz, ertain eta luzera egingo duzula esan duzu, eta, hala bada, Amaiur han topatuko duzu".