Mariano Raxoi Espainiako PPko zerrendaburua Gara-k ETAri egindako elkarrizketaz mintzatu da gaur Gasteizen, baina ez du ezer esan elkarrizketa horretan ETAko kideek egiten dioten aipamenaz. Raxoik esan du "inporta duen gauza bakarra atzeraezinezko desegite erabakia" dela. Gaineratu du ez diola ETAri "kanpaina" egingo.
Jesus Egiguren PSE-EEko lehendakariak esan du bere ustez elkarrizketa ETAk "bere jendari eta hauteskundeei " zuzenduta dagoela. Logikotzat ulertzen du ETAk desarmeaz hitzegitea, bakearen alde egindako apustuaren ildotik. "Eragindako oinazea" onartzeko ere eskatu dio. Hala ere "gauzak bide honetik" doazela esan du; baina "agian azkarregi".
Rodolfo Ares Jaurlaritzako barne sailburuak dei egin die alderdi politiko, instituzio eta komunikabideei "elkarrizketaren helburuarekin bat ez egitera". Haren esanetan, "elkarrizketaren helburu bakarra hauteskunde kanpainan sartzea" da eta azpimarratu du "hauteskundeetan erakunde politikoak bakarrik izan behar direla protagonista".
Urkullu: "Itxuragabekeria demokratiko, politiko eta etikoa da"
Iñigo Urkullu Euzkadiko Buru Batzarreko lehendakariaren esanetan ETAk "hauteskunde kanpainan eragin nahi izatea itxuragabekeria demokratiko, politiko eta etikoa da". Gainera ETAk "historia faltsutu" duela esan du eta gaineratu orain lau urteko hauteskundeetan "hildako batekin" agertu zirela eta orain ere bertan egon nahi dutela, "nahiz eta txano zuri batekin izan".
Uxue Barkos Geroa Baiko Kongresurako zerrendaburuak esan du ez duela elkarrizketaren inguruko baloraziorik egingo hauteskundeak pasatu arte. Gainera adierazi du elkarrizketan egindako planteamendu eta eskaerek "nezkez izango dutela erantzunik hausteskunde kanpainan zehar".
Carlos Salbador UPN-PPko hautagaiaren esanetan gaurko elkarrizketa "hauteskunde propaganda" besterik" ez da. Desarmearen inguruko adierazpenei erantzunez esan du "hitz egiteko eta erantzunak bilatzeko prest " daudela. Gaineratu du: "Espainiak egoera ekonomiko latz honetatik ateratzea dauka agendan eta ETAren agenda gure bizitzetarik aldegitea behar luke izan".
Jauregiren esanetan "prozesua" ez da amaitu eta luze joko du
Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroak ETAren elkarrizketaren ostean esan du erakunde armatuak "hauteskundeetan saria" lortu nahi duela. "Benetako demokratak egin behar ditugu, eta hori ez da gauetik egunera egiten", esan du Jauregik Espainiako irrati batean. Errelatoaz esan du orain dela 30 urte batzuk "demokrazia eraiki" zutela eta besteek horregatik "hiltzea erabaki" zutela. "Errelato horrek ez du eztabaidarik onartzen", gaineratu du.
Desarmea urriaren 20ko erabakiaren berrestea dela adierazi du Jauregik, eta ETA borroka armatura ez dela itzuliko erakutsiko lukeen zalantzarik gabeko pausoa litzatekeela gaineratu du. Bere ustez ETAren erabakiak atzerabiderik ez du, eta esan du "prozesua" ez dela amaitu eta luze joko duela.
Gemma Zabaleta: "Aurreko bake prozesua gabe, ez ginatekeen hona iritsiko"
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak gaur esan du 2006ko bake prozesua gabe Euskal Herria ez litzatekeela egongo gaur egun dagoen egoeran. Bake prozesu hori Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak bultzatu zuela esan du, gainera. "Arriskuak hartzen dituzten politikarien isla da Egiguren, edo bestela esanda, askotan ez ulertuak, baita baztertuak ere, direnena.
"Baina denborak arrazoia eman dizu, eta hori ez du inork zalantzan jartzen. Itxaropena ikusi eta bizikidetza predikatzeagatik kritikatu zintuztenek ere onartzen dute", esan du Zabaletak, egin duen agerraldian ondoan baitzuen Egiguren.