Raxoi: «Zuzenbide estatua ez dago etenda, ez Frantzian eta ez Espainian»

Sarkozyk eta Raxoik bilera bat egin dute Moncloan, eta Frantziak bere laguntza bermatu dio Espainiari

Agentziak
Madril
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Mariano Raxoik Espainiako gobernuburu kargua hartu ostean aurreneko bilera egin zuten atzo hark eta Nikolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Moncloan. Frantziako Poliziak larunbatean ustezko hiru etakide atxilotu ostean egin da bilera, eta erakunde armatuari mezu zuzen bat emateko baliatu dute: «Zuzenbide estatua ez dago etenda, eta ez da egongo, ez Frantzian eta ez Espainian». Egin behar duena «behin betiko pausoa eman eta desegitea» dela esan du Raxoik ETAri buruz.

«Terrorismoaren kontrako borrokan» Frantzia beti Espainiari laguntzeko egongo dela jakinarazi zion Sarkozyk Raxoiri, eta, berri agentzien arabera, jarrera hori eskertu egin zion Espainiako gobernuburuak. ETAk armak uztea erabaki izana berri ona dela esan zuen Raxoik, baina ETA oraindik ez dela desegin nabarmendu zuen. Hain justu, gogora ekarri zuen larunbatean Frantzian atxilotutako ustezko hiru etakideek armak zeramatzatela. «ETA, hor jarraitzen duen bitartean, talde terrorista bat da, eta bertako kideak talde terrorista bateko kideak dira», esan zuen Raxoik.

«Behin betiko pausoa» emateko eskatu zion erakunde armatuari: «Horixe da Espainiako gizarte osoak eskatzen duena: zintzotasuna eta morala».

Sarkozy ere pozik agertu zen larunbatean egindako atxiloketekin. Frantziarentzat ere garrantzitsuak direla esan zuen, haietako bat, Jean-Pierre Nerin jendarmearen heriotzarekin lotzen baitute. «Elementu batzuek pentsarazten digute atxilotuekJustiziaren aurrean ordaindu egin beharko dutela».

Domina eman diote

Hirugarren aldia da Sarkozy Madrilera joaten dela Espainiako gobernuburu batekin biltzeko. Raxoi gobernuan dagoenetik eta ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman zuenetik aurrena.

Raxoirekin bilera egin aurretik Espainiako erregearekin egon zen Sarkozy, hark Urrezko Ardi Larrua domina eman baitzion. «Terrorismoa» amaitzeko Frantziak emandako laguntza eskertu zion Juan Carlos erregeak ere, «irmo eta eraginkor» aritu izan delako «elkarlan politiko, juridiko eta poliziala» aurrera eramanez. Egiteko horretan, biktimak «ipar eta helburu» izan dituela gaineratu zuen.

Domina emateko ekitaldian Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu izandakoak ere izan ziren, Raxoiz gain. Egungo hainbat ministro ere izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.