Arabako Errioxako herritarren osasun arretaren harira Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxako Gobernuaren (Espainia) artean sortutako gatazka konpontzeko dago oraindik. Bi aldeak bildu diren arren, negoziaziorako borondatea agertu duten arren, irtenbide izpirik ez da antzematen. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du egoerak bere horretan jarraitzen badu Mariano Raxoik «ordena» jarri beharko duela.
Logroñotik —Espainian, Errioxako hiriburua da— kilometro gutxira bizi diren Arabako herritarrak bertako ospitalean artatzeari uko egin dio Errioxako Gobernuak iragan irailetik. Osasun antolaketaren oinarrizko eskumenak Espainiako Gobernuaren esku daudela azaldu du Mendiak, eta, ondorioz, hari dagokiola osasun arreta jasotzeko eskubidea bermatzea. Horregatik hartu du Raxoi ahotan: herritar guztiei osasun arreta bera eskaintzen dien sistema bateratu batean sinesten duen galdetu dio Mendiak Espainiako presidentetza hartzear denari, edota «lursailetan zatitutako» sistema nahiago duen.
Konponbidea lortzeko bidean «diru huskeriatan» sartzearen kontra agertu da, berriro ere, Eusko Jaurlaritza, eta Raxoiri eskatu dio ez dezala har horretan oinarritutako erabakirik. Hain zuzen ere, orain arte egindako bileretan, ildo horretako proposamenak egin dizkio Errioxako Gobernuak Jaurlaritzari. «Guztiz onartezinak» izan direla azaldu duMendiak; Pedro Sanzek zuzentzen duen gobernuaren partetik ez dutela proposamen egokirik jaso. Nolanahi ere, Espainian osatuko den gobernu berriak parte hartzea eskatu arren, gaur edo bihar konponbide bat lortzearen itxaropena agertu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Nafarroarekiko akordioa
Errioxako Gobernuko presidente Pedro Sanzek, berriz, akordioa lortzeko ardura Eusko Jaurlaritzarena dela nabarmendu zuen atzo. «Nik ez dut zerikusirik Oion, Guardia eta Eltziegoko herriekin». Arabako herritarrei osasun zerbitzuak eskaintzea Errioxako eskumenetatik kanpo dagoela gogorarazi zuen. Leku horietakobiztanleak osasun arreta jasotzeko Gasteizera mugitzeko prest ez badaude, Eusko Jaurlaritzak konponbidea bilatu beharko diela. «Berriro biltzeko edozein deiren zain gaude; hortik aurrera, bakoitza berearen erantzule da».
Errioxako osasun zerbitzuak erabili nahi dituztenen eskura daudela adierazi du Sanzek, baina gaineratu du horren kostuak ezin duela izan eraginik «Errioxako biztanleen sakeletan». Era berean, gogorarazi du Nafarroako Gobernuarekin lortu duela Viana, San Adrian eta Azagra herrietako biztanleen lehen arretari eta arreta espezializatuari buruzko akordioa, horri buruzko informazioa aurrerago emateko asmoa badu ere. Eusko Jaurlaritzarekin, berriz, Nafarroarekin lortutakoaren moduko akordioa egitearen alde agertu da.
Abenduaren 1erako akordioa hitzartzea zen asmoa. Nolanahi ere, epea luzatzeko aukera dagoela gaineratu du Sanzek. Ordea, akordioaren bidean aurrera egitea ezinezkoa izango da aldeek beren posturei irmo eusten badiete. Orain arte zerbitzuen bitartezko konpentsazio sistema bat proposatu du Jaurlaritzak, bertako biztanleei Errioxan ez dituzten zerbitzuak eskainiz. Ordea, beste eskualdeetako erien arretak eragiten duen kostua diruarekin ordaintzeko eskatu du Errioxak.
Zentro bat Arabako Errioxan
Eusko Jaurlaritza eta Errioxako Gobernuaren arteko gatazka konpontzeko, arreta espezializatua ematen duen zentro bat sortzeko eskatu du PPk. Arabako kuadrilla horretako biztanleei osasun arreta egokia emateko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta zentro hori abiarazteko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean.
Raxoik Errioxaren eta EAEren osasun gatazkan «ordena» jartzea espero du Mendiak
Pedro Sanzek dio Eusko Jaurlaritzaren ardura dela konponbidea bilatzea eta arabarren osasun arta bermatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu