Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak gogor salatu du gaur arratsaldeko lehen orduan Mariano Raxoik inbestidura ekitaldian egin duen hizketaldia, eta azpimarratu du Raxoi ez dela Euskal Herriko egoeraz mintzatu, eta "abstentzioan eta anbiguotasunean" babestu dela. "Aipamen formalik ere ez due egin", gainera du EAJko bozeramaileak: "Horrek modu negatiboan harritu gaitu".
Soilik hitzaldiaren hasieran ETAren biktimak gogora ekartzeko aipatu du PPko buruak gatazka. Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak ere Raxoiren isiltasun hori nabarmendu du. "Kezkatzen gaituzten isiltasunak dira Raxoirenak, eta zalantzarik gabe bere izendapenaren aurka bozkatzera bultzatzen gaituzte". Carlos Salvador UPNko parlamentariak esan du Raxoiren hitzaldia espero zitekeena zela, baina goraipatu egin du.
"Kezkatuta"
Erkorekak, gainera, salatu du erkidegoen estatuarekin amaitu nahi duela PPko buruak, krisi ekonomikoa aitzakia hartuta. "Gaurko hitzaldiak gure susmo txarrenak baieztatu ditu. Autonomia erkidegoetako eskuduntzetaz mintzatu da Raxoi, eta horrek kezkatu egiten gaitu", adierazi du Erkorekak. EAJk goizean esan du Raxoi entzun ondoren hartuko zuela bere botoen inguruko erabakia. Arratsaldean da Erkorekaren txanda Kongresuan.
Amaiurreko eta Geroa Baiko diputatuek bihar hitz egingo dute Kongresuan, talde mistoaren txandan.
Cuadrak kargua hartu du
Inbestidura saioa Sabino Cuadraren kargu hartzearekin hasi da, ezin izan baitzuen horrek "arrazoi pertsonalengatik" beste diputatuekin batera egin, aurreko astean. Hiru egunez luzatuko da. Hainbat hedabidek aurreratua zuten hitzaldi gogorra egingo zuela PPko buruak, ondorengo murrizketa neurriak argudiatzeko. Hainbat neurri iragarri ditu.