Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien balorazioak

Raxoiri eskua luzatu dio Urkulluk, PPk gehiengo absolutua izan arren

Gehien bozkatutako alderdia izatea ez ezik talde parlamentarioa lortu izana ere gogotsu ospatu dute jeltzaleek

Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka, atzo, emaitzen berri izan ondoren, elkar besarkatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Billbo
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Euskadi Euskadi da. Euskal hiritarrok era desberdinez pentsatzen eta bozkatzen dugu». Iñigo Urkullu Euskadi Buru Batzarreko presidentearen hitzak dira. Atzo lortutako emaitzak positiboki baloratu zituen EAJk, hauteskunde aurretik ezarritako bi helburu nagusiak bete zirelako. Alde batetik, alderdi bozkatuena izatea lortu zuten —Amaiurrek baino 40.000 boto gehiago lortu zituen EAEn—, eta talde parlamentarioa bermatu ahal izan zuten. Era horretan, «Espainiako bipartidismoari aurre egitea» lortu dutela azpimarratu zuten, «Euskadi beste gauza bat dela erakutsiz».

Bi helburuak beteta, Mariano Raxoiri eskua luzatu zion Urkulluk, «berriz ere alderdi guztien arteko akordio zabala adosteko, eta egungo egoerari aurre egin ahal izateko». Krisi ekonomiko «latzaren» aurrean, adostasunak lortzea garrantzitsutzat jo zuten jeltzaleek, eta deia luzatu zioten PPri «nahiz eta gehiengo absolutua izan».

Eskua luzatzeaz gain, heldutasuna ere eskatu zion Urkulluk. «Euskadin aldi berria zabaldu dezagun». Horregatik, indarkeriaren zikloa behin itxita, «Euskadin benetako eraldaketari ekiteko eguna» iritsi dela gaineratu zuten. Akordioen garaiak hasi direla azpimarratu zuten, konponbidea «adimenez» erdiesteko.

Beste alderdiak baloratuz

Geroa Bai alderdiak lortutako emaitzak ere positiboki hartu zituzten jeltzaleek. «Oso egoera zailean hartu dute parte, eta emaitza paregabeak lortu dituzte», Urkulluren hitzetan. Bertaratutako kideek gogoz txalotu zuten koalizioaren emaitza.

Amaiur koalizioari buruz ere hitz egin zuen Andoni Ortuzar Bizkaia Buru Batzarreko presidenteak. Zenbaketa amaitu gabe zegoela egin zuen balorazioa, koalizioaren emaitza onak aurreikusiz. Bere hitzetan, Amaiurrek lortutako emaitzak ez ziren uste bezain onak izan, maiatzeko foru hauteskundeetan baino boto gutxiago lortu baitzituzten. «Gainera, kontuan hartuz gero Bildu hiru alderdik osatzen dutela eta Amaiur lauk, emaitzak ez dira espero bezalakoak izan».

EAJren jarraitzaileak ere gustura zeuden atzo. Sabin Etxeako harrera gunean eserita zegoen Alberto, EAJko jarraitzailea. Bere ustez, alderdi jeltzaleak «aurreikusitako emaitzak» lortu zituen. Amaiurrek lortutako datuak azpimarratu zituen. «Baina kontuan hartu behar da alderdi berria dela, eta normala da horrelako ikusmina sortzea». Atzoko hauteskundeak datorren urtekoen mugarri jarri zituen, eta «itxaropentsu» agertu zen. «Izan ere, egungo Eusko Jaurlaritzak are gutxiago ordezkatzen du egungo euskal gizartea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.