Magikoa. Halakoxea izan da Anoetak bizi izandako gaua. Harmailak gainezka zirela, zaleek ametsetako partida ikusi ahal izan dute, eta Realeko jokalariek arbelean marraztutako jokoa egin. Izan ere, kasualitatez ez, ongi baino hobeto merezita gainditu dute txuri-urdinek Bartzelona ahaltsua (3-1). Ahaltsua, gaur arte, kataluniarrek ligako lidertza galdu baitute. Harro eta pozik alde egin zuten Donostiatik Kopako finalera sailkatu izana erdietsi ondoren, baina gaur bestelako aurpegiekin hartu dute etxerako bidea. Tarteka bada ere, txikiak handia jan egiten baitu. Odolkiak emateko eta hartzeko izaten direla, alegia.
Ezohiko hamaikakoa zelairatu du Jagoba Arrasatek. Ezohikoa, baina, era berean, bikaina. Bai behintzat Bartzelonaren jokoa geratzeko. Lau erdilari atera ditu: Markel, Elustondo, Zurutuza eta Canales. Lehen biak defentsa lanean murgildu dira, eta beste biak presioa egiten. Ezin hobeto funtzionatu dio planteamenduak Realeko entrenatzaileari. Bartzelonak ez du nahi adina baloi izan hanketan, eta ezinean aritu da. Txuri-urdinak, berriz, eroso sentitu dira une oro, eta erasoan ausart Griezmannekin eta Velarekin.
Lehen zatia borrokatua izan da, baina aukera gutxikoa. Bai, bederen, lehen orduerdian. Hortik aurrera, baina, Realak erritmo biziagoan jokatu du, eta 32. minutuan heldu da saria. Canalesen erdiraketa bat buruz errematatu du Elustondok, eta, Songen laguntzaz, sareetarako bidea hartu du baloiak. Kontuak ongi jarri dira txuri-urdinentzat, baina luze gabe alde egin du pozak. Hiru minutu geroago, banakoa egin baitu Messik.
Bi taldeak berdinketarekin heldu dira atsedenaldira. Bartzelonari hasieratik igarri zaio nahi eta ezinak sorturiko urduritasuna, eta horren erakusle da epaileak Gerardo Tata Martino kaleratu izana. Atsedenaldian atera dio txartel gorria. Hori gutxi ez, eta bere taldea itotzen ikusi behar izan du argentinarrak bigarren zati osoan. Realak sasoiko zatirik onena jokatu du, eta ez du barkatu. Griezmannek eta Zurutuzak gol bana egin dute 54. eta 59. minutuetan, hurrenez hurren, eta erabakita utzi dute lehia. Gol gehiago egiteko aukerak ere izan ditu Realak. Velak zutoinera bidali du baloia azken txanpan.
Amestutako gaua izan da Donostiarentzat, eta Elustondok ere ez du berehalakoan ahaztuko zaleek jo dioten txalo zaparrada. Egun mikatzak bizi ondoren, gustura egingo du lo beasaindarrak. Garaipenari esker, Europako postuetan sendo dago Reala, Txapeldunen Ligarako sailkapena bermatzen duen laugarren postutik puntu bakarrera. Hori bai, Athleticek gaur jokatuko du Betisen zelaian, 17:00etan.