Aurrera jarraitzen du REE Red Electrica de España enpresak. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linea egiteko proiektua ere azkartzen ari dela salatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. "Ekintza burutuen politikaren alde egin du", erran du Alberto Frias plataformako aholkulariak. "Espainiako Gobernuak iragarritako geldialdiak indarrean jarraitzen du. Eten egin zuen baimenak emateko prozesua.
Hala ere, REEk aurrera jarraitzen du tramitazioekin, ekintza burutuen bidetik". Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko proiektuak, hain zuzen, ingurumen baimena jaso berri du. Madrilgo gobernuaren baiezkorik ez du lortu oraindik, hala ere.
Friasek gogoratu du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko proiektuaren aurretik enpresak mahai gainean jarri zuena atzera bota zuela Espainiako Gobernuak, ingurumenari egiten ahal zion kaltearengatik, bai eta herritarrak aurka zirelako ere. "Oraingo proiektuaren aurka dira lineak ukitzen dituen herri gehienak. 211 herritan onartu dira proiektuaren kontrako mozioak. Bitan baino ez da onartu mozioa", azaldu du Friasek.
Herritarren oposizioa agerikoa dela gaineratu du, eta argi utzi du arazoa ez dela haien udalak ukitzen dituela proiektuak. "Ez dugu goi tentsioko linearik nahi hemen, ezta bertze inon ere". Plataformako arduradunek nabarmendu dute proiektuaren atzean dagoen interes bakarra "espekulazioa" dela.
"Kontsumoak behera egin du azken urteotan; Espainian, gainera, kontsumitzen dena baino energia gehiago dago sisteman", erran du Alberto Friasek. Eta hori da REEren asmoen gakoa. "Kanpora saltzea interesatzen zaio, negozioarekin aurrera jarraitu ahal izateko". Friasek erran du 2012an ere erosi baino energia gehiago saldu zuela Espainiak.