Julio Gomez Pomar Renfeko presidenteak berriz errepikatu du istripua izan zuen trenak uztailaren 24 goizean bertan berrikuste bat izan zuela, eta dena, frenoak barne, "bikain" zegoela. Horrez gain, Renfeko presidenteak esan du istripua izan zuen trenak ez zuela "anomaliarik erregistratu" jarraipen zentroetan, eta ez zela jaso konpainiaren eta tren gidariaren arteko komunikaziorik.
Gomez Pomarrez gain, Adifeko presidente Gonzalo Ferre ere bertan zen. Trenbidearen nolakotasunari buruz hitz egin du Ferrek. Adifeko presidentearen arabera, Ourense-Santiago bitarteko trenbidea abiadura handiko izateko planifikatu zen, baina gerora aldaketak izan ziren eta, azkenean, ohiko trenbide gisara eraikia izan zen. Hala azaldu du Ferrek Sustapen Batzordean, Kongresuan. Ferre eta Renfeko presidente Julio Gomez-Pomar 79 hildako eragin zituen tren istripuaren inguruko azalpenak ematen ari dira.
Ourense-Santiago trenbidea nazioarteko trenbide sarearen zabalerarekin eraikitzea aurreikusi zen hasiera batean — kasu horretan, ERTMS segurtasun sistema izango zuen, tarte baterako abiadura muga gaindituz gero trena geldiarazten duena—. Azkenean, baina, ohiko zabalerarekin eta ASFA segurtasun sistemarekin eraiki zuten, eta horrek trena geldiarazten du soilik 200 kilometro ordutik gorako abiaduran badoa. Tartea ohiko trenbide gisara edo abiadura handiko sarera egokituta eraiki, bidaien iraupena "ozta-ozta" laburtuko zituela ebatzi zuten.