Erasoa

Renferen zerbitzua martxan da berriro Donostia eta Irun artean

Etenda egon da sabotaje baten ondorioz. Katenariaren kontrapisuak hautsi dituzte Errenteria inguruan, eta, ondorioz, argindarrik gabe geratu da sarea. 4.000 bat bidaiariri eragin die erasoak. Autobus bidez eman du Renfek zerbitzua.

2007ko irailaren 27a
12:57
Entzun
Renfeko iturriek agertu dutenez, goizeko zazpiak aldera katenariaren kontrapisua hautsi dute norbaitzuk Errenteria eta Irun artean (Gipuzkoa). Ondorioz, argindarrik gabe geratu da sarea, eta trenak ibili ezinik geratu dira Donostia eta Irun artean. 10:45erako tren zerbitzua martxan zen atzera.

Lehendabizi Donostiatik Pasaia arteko matxura konpontzea lortu dute Adifeko teknikariek, eta gero Pasaia eta Irun artekoa; tarte hori egiteko autobus zerbitzua jarri du Renfek. Sabotajeak 4.000 bat bidaiariri eragin diela uste du Renfek, goizeko lehen orduan asko baitira Irun eta Donostia artean aldirietako trenetan ibiltzen direnak.

Aldirietako bidaiariei ez ezik, ibilbide luzeko trenetakoei ere eragin die. Haien egoera konpontzeko hainbat neurri hartu ditu Refek: Irun-Madril treneko bidaiariak Miranda de Ebrora (Burgos, Espainia) autobusez eraman dituzte, eta han hartu ahal izan dute trena. Irun-Bartzelona talgokoak, berriz, Tuteraraino (Nafarroa) eraman dituzte autobusean. Lisboa-Hendaia, Madril-Hendaia eta Bartzelona-Hendaia trenetako bidaiariak, berriz, autobusez eraman dituzte Donostiatik helmugara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.