Honakoak dira Italiako Gobernuak onartutako bide orri eknomikoaren neurri nagusienak:
80 euro hilean. Maiatzetik aurrera, diru gehiago kobratuko dute hilero urtean 25.000 eurotik behera irabazten duten italiarrek. Sarrera gutxien dituzten beharginek urtean ia 1.000 euro gehiago poltsikoratuko dituzte errenta zergaren presio jaitsieragatik, eta Renzik uste du horrek mesede egingo diola kontsumoari.
IRAP. Enpresek jarduera produktiboagatik ordaintzen duten zerga da IRAP. Renziren dekretuak aurreratu du zerga hori %10 jaisteko asmoa daukala, "horretarako baliabideak egon bezain laster".
pGastu publikoaren murrizketak. Errenta zerga jaitsita estatua galdutako diru sarrerak orekatzeko, murrizketak egingo ditu Renzik. Gastu publikoan 4.500 milioi euro aurreztuko ditu, eta BEZaren bilketarekin 2.200 milioi gehiago.
Administrazioa estutu. 3.000 kargu publiko kenduko ditu hainbat probintzia kenduta. Lege hori onartua du Italiako Parlamentuak.
Soldata publikoen muga. Instituzioetako kargudunen soldata mugatuko du: inork ezingo du urteko 238.000 euroko soldata gainditu, horixe baita estatuburuaren soldata.
Pribatizazioak. Enrico Letta lehen ministro ohiak hasitako bideari jarraituko dio Renzik pribatizazioen arloan. Bide horri esker, 2016ra bitartean 10.000 eta 12.000 milioi euro artean aurreztea espero du. Besteak beste, Posta eta Enav (aireko zerbitzuen erakunde publikoa) pribatizatzeko asmoa dauka.