Jakintza

Retegi aukeratu dute berriro Eusko Ikaskuntzako lehendakari

Eusko Ikaskuntza euskal ikasketen elkarteko bazkideek Xabier Retegi aukeratu dute berriro lehendakari. Zehazki, 255 boto eskuratu ditu Retetik, eta 62 Jesus Mari Larrazabal EHUko Logika eta Zientziaren Filosofiako katedradunak. Lehendakaritza eta lehendakariordetzak berritzeko ez ohiko batzarrean bazkideen partaidetza handia izan da; Eusko Ikaskuntzako iturriek agertu dutenez, azken urteetako handienetakoa. Izan ere, aspaldiko partez bi hautagai aurkeztu dira lehendakari izateko. Batzarrean eztabaida sutsua izan dute bi hautagaiek. Horrenbestez, Retegik bigarrenez hartuko du Eusko Ikaskuntzako presidente kargua, 2002ko bozetan ere bera hautatu baitzuten.

2005eko abenduaren 17a
16:51
Entzun
Donostian egin da Eusko Ikaskuntzaren ez ohiko batzarra, goizeko hamaiketan hasita.Bazkide askok parte hartu dute bilkuran (300dik gora), normalean baino askoz ere gehiago.

Bozketari ekin aurretik, lehendakaritarako hautagaietako bakoitzak bere egitasmoaren berri emateko aukera baliatu du. Orain arteko bide bertsuari eutsi nahi diola iragarri du Retegik, eta, Larrazabalek, berriz, erakundea gaztetzeko eta euskarari zor zaion lekua emateko asmoa agertu ditu.

Ondoren, bazkideen galderen txanda etorri da, eta horren harira eztabaida handia piztu da hautagai bien artean. Larrazabalek diru kontuen auditoriak egin ez izana eta Eusko Ikaskuntzatik euskara baztertzea leporatu dio Retegiri. Egungo lehendakariak, berriz, orain arteko Eusko Ikaskuntzaren batzarretan ez duela parte hartu erantzun dio Larrazabali, eta "ezjakintasunetik giroa nahasten aritzea, eta Eusko Ikaskuntzaren izena ona zikintzea" egotzi dio.

Eztabaida sutsuaren ondoren, botoa emateari ekin diote bazkideek, ordubiak aldera. Jendearen emana handia zela eta, hamar kutxa jarri dituzte aurreikusita zeuden zazpien ordez. Lehendakaria ez ezik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea, Nafarroa eta Kanpoaldeko lehendakariordeak ere aukeratu behar izan dituzte bazkideek. Oraindik ez daude kutxa guztietako botoak zenbatuta, baina orain arteko datuak honakoak dira:

Araba: Une honetan kontaketa geratuta dago, pertsona bakar batek dozena bat udalen botoak eraman dituelako, baina baimen fotokopien bidez. Originalen zain daude. Eusko Ikaskuntzako bazkideak pertsonak ez ezik erakunde eta taldeak ere badira. Bazkide babesle esaten zaie horiei. Retegiren hautagaitzako Maria Nieves Urrutia eta Larrazabalen hautagaitzako Javier Diaz Noci daude lehian.

Bizkaia: Larrazabalen hautagaitzako Jon Kortazar hautatu dute Bizkaiko lehendakariorde (21 boto). Carmen Iriondo zen Retegiren hautagaia (18 boto).

Gipuzkoa: Retegiren hautagaitzako Teresa del Valle hautatu dute lehendakariorde (124 boto).Carmen de las Cuevas zen Larrazabalen hautagaia (17 boto).

Nafarroa: Retegiren hautagitzako Sixto Jimenez hautatu dute lehendakariorde (25 boto). Orrega Ibarra zen Larrazabalen hautagaia (3 boto).

Iparraldea: Jean-Claude Larronde hautagai bakarra aukeratu dute. Hain justu, Ipar Euskal Herriko bazkideek eurek proposatutako hautagaia zen Larronde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.