Iruñeko Riau-riaua ofiziala da, berriz. Enrique Maiak alkateak ohitura berreskuratzeko proposamena egin zion festak antolatzeko biltzen den mahaiari urte hasieran, eta aho batez onartu zuten denek egitasmoa. Atzo, programa ofizialean sartu zuten.
UPNek, NaBaik, PSNek, Ezkerrak eta PPk ekitaldia egitarau ofizialean sartzearen alde egin dute. Bilduk ez du erabakia babestu, nahiz eta ohitura berreskuratzearen aldekoa izan; aurretiko "elkarrizketa partehartzaile" bat beharrezkoa dela uste du alderdiak.
Hala, aspaldi ahaztuta zegoen doinu bat ekarriko dute aurtengo Sanferminek: Astrainen balsa; uztailaren 6an ospatu ohi zen Riau-riaua, alegia. Orain hogeita bat urte antolatu zuen azkenekoz Iruñeko Udalak ekitaldi hori. Herritarrek, berreskuratu egin zuten ohitura, 1997an, eta udal agintaririk gabe ospatu da geroztik. Baina, aurten, balsa programa ofizialean dago berriz ere, Marcha a Vísperas izenarekin.
Izan ere, udaletxetik San Fermin kaperaraino udaleko ordezkariak egiten duten ibilaldia da berez ekitaldi ofiziala, Riau-riuaua herritarrek ordezkarien paseoa aitzaki egiten zuten protesta zen.
Iruñeko peñek urteetan aldarrikatu dute Riau-riaua itzultzea, eta beraz pozik agertu dira erabakiarekin. Hala ere, askoren iritziz aurtengoa ez da urterik egokiena, "herriak bizi duen krisi eta atsekabeagatik".