EUSKARA

Rikardo Arregi sariak aurten ere sari bakarra emanen du kazetaritzan, eta bakarra komunikazioan

2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era sortu eta zabalduriko kazetaritza eta komunikazio lanak aurkeztu ahal izanen dira lehiaketara. 9.000 euroko saria eta garaikurra emanen dizkiote saridun bakoitzari.

Aurtengo edizioaren oinarrien aurkezpena, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 27a
12:17
Entzun

Iaz berritu egin zuten Rikardo Arregi Kazetaritza saria, eta iaz bezala aurten ere bi sari emanen dituzte: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Lehendabizikora «kazetaritzaren berezko ezaugarriak» dituzten lanak aurkeztu ahal izanen dira, edozein euskarri eta generotakoak. Komunikazio sarirako, berriz, «formatu berriren batean» egindako lanak hartuko dituzte aintzat: erraterako, formatu digitaletan egindakoak, sare sozialetan sortu eta zabalduriko lanak, webguneak, baita publizitate kanpainak ere. Sari bakoitzean saridun bakarra izanen da, eta 9.000 euroko diru saria eta Xabier Laka eskultoreak egindako oroigarria emanen dizkiote. Zehaztu dutenez, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era arteko tartean sortu eta zabalduriko lanak izan beharko dute biek ala biek, eta irailaren 18ra arteko epea egonen da nork bere lanak edo bertze batenak aurkezteko. Andoaingo Udalera posta arruntez edo [email protected] helbidera bidalita aurkeztu ahalko dira lanak. Jakinarazi dutenez, ohorezko aipamena emateko aukera ere egonen da, «ibilbide bat saritzeko». Iaz Iñaki Elorza Txapas kazetariari eman zioten.

Gaur goizean aurkeztu dute Rikardo Arregi kazetaritza sariaren 32. aldia, Donostian, Andoaingo Udaleko euskara zinegotzi Mikel Arregik, Patxi Baztarrika euskara teknikariak eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak. Alkortak adierazi du euskarazko kazetaritzaren «aitortza eta pizgarri» dela saria, «kalitatezko kazetaritza eta komunikazioa sustatzen» baititu. Nabarmendu duenez, COVID-19ak ekarri duen egoeran egokitzen jakin dute euskarazko komunikabideek, eta erakutsi dute «gaitasuna dutela gure beharrak asetzeko».

Xabier Lete gogoan

Iaz bezala, sariak banatu aurretik finalistak izendatuko ditu epaimahaiak azaroaren lehen astean, eta sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26an eginen dute Andoaingo Bastero Kulturgunean. Finalistek eurek ere ez dute jakinen norentzat izanen diren sariak, Baztarrikak azaldu duenez, eta «barkamena» eskatu die finalistei aldez aurretik, «nerbioengatik».

Sariak banatzeko ekitaldi berezia eginen dute aurten; izan ere, Xabier Lete zendu zela hamar urte beteko dira abenduaren 4an, eta, sariak banatzeko ekitaldia aste bat lehenago denez, hari eginen diote omen.

Jose Inazio Basterretxeak, Itxaro Bordak, Aingeru Epaltzak, Maite Goñik, Elixabete Larrinagak, Ion Muñoak eta Jon Sarasuak osatuko dute epaimahaia, Mikel Arregi bera buru dutela, eta Patxi Baztarrika arituko da idazkari lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.