Torlojuak ongi estutuak zituen, baina erauzi dute. Plazatik zein Iruñeko kale izendegi ofizialetik. Garbitu dute Rodeznoko kondearen azken aztarna hiri buruzagiko toponimiatik. Beharrezkoak izan dira ia hamar urte eta gobernu aldaketa bat, Iruñeko Udalak gehiengoaren borondateari men egin, memoria historikoaren legea bete eta Francoren gobernuko Justizia ministro izandakoaren plazari izena alda ziezaion. Baina aldaketa hori ere ailegatu da azkenean: aurrerantzean, Askatasun plaza izanen da orain arte Rodeznoko Kondearen plaza zena.
Tomas Dominguez Arevalo ministro frankistaren izena zeraman xafla atzo kendu zuten. Udal langile batek kendu zuen, han zirenen txalo, irri eta oihuen artean. Xafla baten aldaketa hutsaz harago, baina, sinbolismoz beteriko ekitaldia izan zen atzokoa: batetik, nafar frankismoaren ikur nagusietako bat ezabatzeak Espainiako Bigarren Errepublikaren urteurrenarekin bat egin zuelako; eta bestetik, alderdi politikoetako ordezkariez gainera, memoria historikoaren esparruan lanean diharduten elkarteek ere parte hartu zutelako izen aldatze ekitaldian. Han izan ziren, besteak beste, Nafse36, Memoriaren Autobusa, Bideko Mitxingorria, Memoriaren Bideak, Sanfermines 78 Gogoan eta Txinparta elkarteetako ordezkariak.
Eragile horien guztien lana goraipatu zuen Joseba Asiron alkateak, xafla aldatu osteko hitzaldian. «Iruñeko herritarrekin geneukan zorra kitatzeko saioa da hau», izan ziren haren lehen hitzak. «Memoria historikoaren alde lan egiten duten elkarteek ezinbesteko lana egiten dute, geure gurasoen, aitona-amonen eta senideen oroimena aldarrikatzeko tenorean; horregatik, haiei zor diegu gaurko garaipena».
Rodeznoko kondearen biografia txikia ere egin zuen alkateak hitzaldian: «Seguruenik, Francoren Justizia ministro odoltsuena, milaka pertsonaren hilketen erantzule zuzena izan baitzen». Agintari frankistaren izena kenduta, memoriaren eta bizikidetzaren esparruan ere «aro berri bat» hasiko dela esan zuen Asironek.
Elkarteak, pozik
Alkatearen mezuarekin bat egin zuen Memoriaren Autobusa elkarteko kide Carlos Otxoak. «Aspaldiko aldarrikapena zen, eta, beraz, pozarren hartu dugu. Une historiko bat da. Hala ere, ikur frankistei dagokionez, asko gelditzen zaigu oraindik egiteko. Elkarteen eta udalaren arteko batzorde bat eratu nahi dugu hori guztia aztertzeko; besteak beste, plaza honetan zutik dirauen mausoleoarekin zer egin daitekeen erabakitzeko».
Txinpartako lehendakari Joseba Ezeolazak ere ekitaldiaren «balio sinbolikoa» goraipatu zuen: «Rodeznoko Kondearen plazaren auziak berebiziko garrantzia du hiri honetako historia beltzean, eta biktima askok umiliazio ikaragarriak pairatu behar izan dituzte. Zorionez, egun historiko honen lekuko izateko parada izan dute horietako batzuek. Instituzioek adorea izan beharko lukete biktimei eta senideei begietara zuzenean so egiteko. Trantsizio hori egiteke dago oraindik, baina prest gaude horretan ere laguntzeko».
Elkarteez eta udal gobernua osatzen duten alderdiez gainera, Askatasun plaza berriaren inaugurazioan izan ziren PSNko eta UPNko zinegotziak ere. Hasieratik argi gelditu zen alderdi erregionalistako ordezkariak gogoz kontra joan zirela ekitaldira. Burumakur azaldu zen Enrique Maia, eta azken lerroan gelditu zen, gainontzeko zinegotziengandik urrun. Plazaren izen aldatzea «zirku ikuskizun» bilakatzea eta protagonismoa bereganatu nahi izatea leporatu zion alkateari. «Ez zaigu gehiegi gustatu ikuskizun populista hau».
Urte luzez, plazari izena aldatzea galarazi nahi izan zuen UPNk, eta, Yolanda Barcinaren agintaldian, makina bat azpijoko erabili zituzten memoria historikoaren legeari izkin egin eta Rodeznoko Kondea izenari azken mende erdian eman zaion ohorezko trataeran atzera egin behar ez izateko. 2009an, esate baterako, kale izendegia aldatzeko eskaerari uko egin zion Barcinak, izen horrek, ministro frankista bati baino gehiago, «noblezia titulu bati» erreferentzia egiten ziola argudiatuta.
Horretaz guztiaz jakitun ziren elkarteetako kideak eta ekitaldira bildutako biktimak. Josefina Lambertok, frankistek bortxatu eta hildako Maravillas Lamberto neskatoaren ahizpak, UPNko zinegotziekin hitz egin nahi izan zuen atzoko ekitaldia amaituta. «80 urte neramatzan honen zain. Zergatik ez da posible izan orain arte?», kargu hartu zien Maiari eta Maria Caballero zinegotziari.