Rodolfo Ares (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak salatu egin du atzo arratsaldean Getxon (Bizkaia) Zigor Goikoetxea preso ohiaren gurasoen etxearen aurka egin zuten erasoa. Etxe atariari su eman zioten, eta Zigor Goikoetxearen aurkako pintaketak egin zituzten (heriotz mehatxuak barne). "Goikoetxea bi anaiek egindako delituak aparte utzita (Zigorren anaia Arkaitz preso dago, ETAko kidetzat jota), era honetako ekintzak mespretxagarriak dira", esan du gaur Aresek.
Zigor Goikoetxea aste honetan atera da kartzelatik, sei mila euroko bermea ordainduta. Iazko abuztuan atxilotu zuten, Marisa Arrue Getxoko PPko zinegotziari ustezko heriotz mehatxuak egin zizkiolako. Epaileak galarazi egin dio Getxon bizitzea.
Bide batez, Aresek "terroristak babesten" dituen jendeari dei egin dio indarkeria ekintza oro gaitzesteko.
Imanol Landa (EAJ) Getxoko alkateak ere salatu egin du atzoko erasoa. "Indarkeria denak gaitzesten ditugu guk, etortzen den tokitik etorrita".
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak ere kritikatu du atzoko ekintza. "Ez zait batere gustatzen, eta erabat gaitzesten dut".
Aralarrek, erasoa salatzeaz gain, elkartasuna adierazi dio Goikoetxea sendiari.
Erasoa
Rodolfo Aresek salatu egin du Zigor Goikoetxea preso ohiaren aurkako erasoa
Atzo Goikoetxearen gurasoen etxe atariari su eman zioten, eta haren aurkako pintaketak egin zituzten. Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak "terroristak babesten" dituen jendeari dei egin dio indarkeria ekintza oro gaitzesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu