Atzo eratu ziren Espainiako Kongresua eta Senatua. Kongresuko zein Senatuko presidenteak PSOEkoak dira, Manuel Marin eta Javier Rojo, hurrenez hurren. Rojo PSE-EEko Arabako idazkari nagusiak Senatuaren erreforma iragarri zuen. Gisa berean mintzatu zen Iñaki Anasagasti EAJko senataria eta «antigoaleko» erakundeak aldaketak behar dituela esan zuen.
Kongresuko presidente berriak, Marinek, aldeko 202 boto izan zituen eta aurkako 148, PPren guztiak. Senatuko presidenteak, aldiz, alde txikiagoarekin irabazi zuen, 128 boz eskuratu zituen, Rosa Vindel popularrak 123 izan zituen bitartean. Kongresuan inoiz baino parlamentari gehiagok, 19k, zin egin zioten karguari «legeak hala aginduta» esanez. Tartean, EAJ, EA eta Nafarroa Baiko ordezkariek. Rojo, PSE-EEko kideak eta Senatuko presidente berriak erakundearen «birmoldaketa» aldarrikatu zuen. Euskara, gaztelania, katalana eta galegoa tartekatuz egindako hitzaldian Senatuari «pisu politiko berria» ematea iradoki zuen. «Aldaketek ahalik eta azkarren» hasi behar dutela esan zuen. Erreformaren bidez autonomia erkidegoen «parte-hartze handiagoa» emateaz gain, etorkizunean Senatuko partaide izateko aukera ere proposatu zuen. Senatuaren erreforma «gehiengoaren borondatea» izan dela beti aipatu zuen eta nahi hori «errealitate bilakatzeko tenorea iritsi» dela gaineratu zuen. Kongresuan ez bezala, Senatuan popularrek gehiengoa dutenaren jakitun, erreforma gauzatzeko «elkarrizketa eta elkar ulertzeko ahalegina» bultzatuko dituela aurreratu zuen. Senatuaren erreformarekin ez duela «Espainia hautsi nahi» esan zuen. «Ez dugu soberan demokrata bat bera ere. Alderdien Legeak ongi zehazten du erakundeetan gaudenok elkarte legalak garela».
Jeltzaleak aldaketaren alde
Iñaki Anasagasti EAJko senatariak erakundearen funtzionamendua eta egitekoa aldatzeko lan eginen duela esan zuen. Jeltzalearen ustez Senatuaren funtzionamendua «antigualekoa» da eta erkidego autonomoen «bizia» islatzen duen erakundea bilakatu behar luke. Aldaketa gauzatzeko Senatuaren arautegia eta Konstituzioa aldatu behar direla esan zuen. Dena dela, aldaketa ez dela erraza iragarri zuen, popularrek gehiengoa dutelako Senatuan.
ESPAINIAKO KONGRESUA
Rojo: «Senatuaren erreformarekin ez da Espainia hautsi nahi»
EAJ, EA eta Nafarroa Baiko diputatuek «legeak hala aginduta» esanez egin zuten zin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu