Antonio Maria Rouco Varela kardenal eta Madrilgo artzapezpikua, Eliza Katolikoaren ildorik kontserbadoreenekoa, aukeratu dute Espainiako Gotzainen Batzarreko presidente. Bi ziren hautagaiak: Rouco Varela eta Ricardo Blazquez egungo presidente eta Bilboko gotzaina, ildo moderatuagokoa. Bi botoko aldea atera dio Rouco Varelak: 39, 37.
Presidenteordea aukeratzeko bozketan, gehiengoak Blazquezen alde egin du -oraindik boto kopuruaren berri ez dute eman-.
Rouco Varela presidente izateko aukeratuta, Espainiako Gotzainen Batzarreko idatzi gabeko tradizio bat hautsi da: presidente bakoitzari bi agintealdi ematea. Hots, hiru urtez izan da Blazquez gotzainen buru, eta bigarren agintealdia eragotzi diote Rouco Varela aukeratuta.
Rouco Varela, berriz, lehenago ere izan zen Gotzainen Batzarreko presidente, 6 urtez. Duela 3 urte Blazquezek irabazi zion bozketa, boto batengatik.
Presidente berriak ordezkatzen duen ildoak gogor egin du Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren kontra, eta, bereziki, zenbait neurriren kontra, besteak beste, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kontra. Espainiako Gobernuak ETArekin izandako elkarrizketak ere gogor kritikatu izan ditu ildo horrek.
Blazquezen ildoa ere kontserbadorea da Eliza Katolikoko beste hainbat sektore aintzat hartuz gero, baina Rouco Varelarena baino moderatuagoa eta lasaiagoa izan da Gobernuarekiko harremanetan.
Gizartea
Rouco Varela ildo kontserbadoreenaren ordezkaria aukeratu dute Espainiako Gotzainen Batzarreko buru
Ricardo Blazquez egungo presidente eta Bilboko gotzaina zen beste hautagaia, baina Madrilgo artzapezpikuak jaso du boto gehiago. Bi botoko aldea atera dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu