Limousin eta Poitou-Charentesekin elkartuta, Akitania eskualdeko kontseilarien hautatzeko lehen itzulian Alain Roussetek %30,09 lortu du. EELV ekologistetako Françoise Coutantek, berriz, %5,47 boto eskuratu ditu, eta litekeena da bi taldeen arteko aliantzak sortzea.
Baldintza bat ezarri zioten ekologistek Rousseti: publikoki uko egitea etorkizunean abiadura handiko trena finantzatzeari. Rousset prest agertu zen horretarako, France 3 telebista katean emaitzak ezagutu ostean; bertan esan zuen Akitaniako Kontseiluak ez duela AHT proiektu gehiago finantzatuko, eta estatuari dagokiola finantzaketa irtenbideak bilatzea. Proiektu "berriak" zehaztuta, Roussetek Limoges-Poitiers proiektuari egingo lioke uko.
Bigarren Virginie Calmels iritsi da %26,83arekin. Hirugarren Fronte Nazionaleko Jacques Colombier da, %23,92arekin. Hiru hauek bigarren itzulian berriz aurkeztu daitezke, %10a gainditu baitute. %49,03koa izan da abstentzioa eskualdean.
Roussetek orain arte AHTaren inguruan izandako jarreran aldaketa da France 3n adierazitakoa. Iazko abenduan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eginiko bilkuran, abiadura handiko trena defendatu zuen: "AHTak hainbeste eraldatuko du Euskadirekin daukagun hartu-emana, oso nabarmen indartuko dira kooperazioa eta elkarren arteko konfiantza". Bilera hartan, lehentasuna eman zioten bi agintariek AHTari: 2017. urterako Paris eta Bordele batzeko nahia adierazi zuten; "historikoa" izango dela esan zuen Roussetek. Ez zuen askitzat jo, halere: tren lasterra Euskal Herriraino ailegatzeko asmoa ere azaleratu zuen.