Brian Currin abokatu hegoafrikarrak atzo egindako iragarpenek ez dute harrera onik izanMoncloan. Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak argi eta garbi adierazi zuen, atzo, Espainiako Gobernuak zer uste duen Harremanetarako Nazioarteko Taldeari buruz: «Ez dugu bitartekorik behar, ezta nahi ere, eta ez ditugu erabiliko, bitartekaritza elkarrizketa dagoenean erabiltzen delako, eta ez dago halakorik. Ez dago elkarrizketarik, eta ez da elkarrizketarik egongo».
Brian Currin «ohiko bitartekari» ere ez dela esan zuen Rubalcabak; «ustea dut ETAren eta ezker abertzalearen arteko bitartekari dela». Dena den, Espainiako Gobernuak bazter utzi ditu balizko bitartekaritza guztiak: «Ez ditugu ezertarako behar, ez Currin jauna, ezta beste inor ere».
«ETAren akabera» aipatu zuen Rubalcabak, «balio duen bakarra baita». «Akaberak esan nahi du sekula gehiago ez dela inor hilko, sekula gehiago ez dela indarkeriarik erabiliko, betiko amaitu dela».
Mahaiaren balioa
Guztiz bestelako iritzia plazaratu zuten atzo ezker abertzaleak EAk eta Aralarrek.
Ezker abertzalearentzat «oso garrantzitsua» da Harremanetarako Nazioarteko Taldea osatu izana, baita haren eginkizunak zehaztu izana ere. Ulergarritzat jo du, era berean, taldeak baldintza gisa jarri izana «Bruselako Adierazpenenean eginiko eskaera zehatzari ETAk erantzun positiboa ematea».
EAko kide Rafa Larreinak bere alderdiaren apustu nagusitzat jo du elkarrizketarako alderdien mahaia osatzea eta «jokaleku bat sortzea hitz egiteko esertzeari inork uko egin ez diezaion».
Aralarreko Jon Abrilentzat, berriz, ETAk «bere jardunarekin jarraitu zein ez», alderdien mahai bat proposatzeagatik ezin da «beldurtu». «ETAk jarduera eteten badu, errazagoa izango da ondorengo guztia, baina horrek ez du esan nahi alderdien artean hitz egin behar ez dugunik».
Rubalcaba: «Bitartekaririk ez dugu behar, ezta nahi ere, eta ez ditugu erabiliko»
Espainiako Barne ministroak dio elkarrizketarik ez dagoela, eta ez dela egongo, ETArekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu