Euskal presoak

Rubalcaba: "De Juanari buruzko erabakiak heriotzak saihesten ditu; harena, hasteko"

Kasu horrek "bake prozesuarekin zerikusirik ez" duela esan du Espainiako Barne ministroak gaur Kongresuan, eta PPk bere agintaldian presoekin egindakoa gogoratu du. "PPk presoak Euskal Herriratu zituen, nahiz eta ETAk Ortega Lara bahituta zeukan".

2007ko martxoaren 13a
14:22
Entzun
"De Juanari buruzko erabakiak heriotzak saihesten ditu; harena, hasteko". Hala esan du gaur Espainiako Kongresuan Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuaren Barne ministroak, baina kasu horrek "ETAk abenduaren 30ean hautsitako bake prozesuarekin zerikusirik ez" duela ere adierazi du.

Kontuak kontu, gaur ere euskal presoak hizpide izan dituzte Espainiako instituzioetan. Orain, Gobernuaren aldetik, Rubalcabak hartu du txanda azalpenak emateko eta, batik bat, lehengo astean Senatuan Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak egindakoa egin du: PPk bere agintaldian (1996-2004) presoekin egin zuena gogoratu. 1996an Jaime Mayor Oreja zen Barne ministroa eta Rubalcabak esan du PPk presoak Euskal Herriratu edo hurbildu zituela, "nahiz eta ETAk Ortega Lara [kartzela funtzionaria] bahituta zeukan".

PPren erabaki hura zela-eta Orejak "ETAk ekintzak egiteko zailagoa" zeukala aitortu zuela ekarri du gogora Rubalcabak. 1997 eta 2004 artean 62 presok murrizpenak lortu zituztela ere esan du. "Oraingo kasuaren eta ordukoaren artean aldea ez dago Gobernuaren jokabidean, oposizioan baizik", esan die PPkoei. "Ez zarete justuak izaten ari Gobernuarekin, ez zarete leialak izaten ari Estatuarekin, bizikidetza okertzeko laguntzen ari zarete, nahita".

Gobernuak bigarren gradua eman zion orain bi aste Iñaki de Juana presoari, "baina xantaiarik onartu gabe", Barne ministroaren arabera. "Hura zigorra betetzen ari da eta bizirik dago".

Eduardo Zaplanak erantzun dio hari PPren aldetik. Gobernuak De Juanaren kasuan "legeari iruzur" egin diola esan du Zaplanak eta erabakia ez dela legezkoa. "ETAk agintzen du eta Gobernuak men egiten dio".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.