Duela bost urte, 2005eko uztailaren 24an, Espaniako hego-ekialdeko herri batean (Roquetas, Almeria) nekazari bat, Juan Martinez Galdeano, hilik agertu zen Guardia Zibilaren kuartelean. Torturatuta hil bide zutela zabaldu bezain pronto, sekulako hautsa arrotu zen Espainiako Gobernuaren inguruan eta baita komunikabideetan ere. Orduan Alonso epaile ohia zen Barne ministro, eta oso adierazpen gogorrak eta sendoak egin zituen ustezko torturatzaileen aurka. «Gizatxar haiek» Guardia Zibiletik bota egin behar zirela esan zuen lehen egunetik eta gogor joko zutela haien aurka; salatu egin zuen guardia zibilek ikerketari oztopoak jarri zizkiotela, eta desegokitzat jo zituen Guardia Zibilaren buru nagusiak guardia zibilak defendituz egin zituen adierazpenak. Seguru aski, azken hamarkadotan Barne ministro batek Espainian ustezko torturatzaileen aurka egindako adierazpenik gogorrenak eta ustekabekoenak izan ziren. Bakarrak ere bai, apika.
Baina Martinez Galdeano ez zen euskal herritarra, eta Roquetas ez zegoen Euskal Herrian. Berdin jokatuko ote zuen Alonsok hildakoa ETAko ustezko kide bat izan balitz?
Handik gutxira, 2006ko apirilean, Alonso kargutik kendu zuen Zapaterok (ez nonbait arrazoi horregatik), eta Rubalcaba historikoa jarri.
Izendatu eta urte pare batera egokitu zitzaion Rubalcabari euskal roquetas afera: 2008ko urtarrilaren 6an, Portu eta Sarasolaren ustezko torturekin. Alonsok Roquetasko auzian ez bezala, berehala defenditu zituen Rubalcabak guardia zibilak, «ETAren eskuliburua» hitzetik hortzera aipatuz, Guardia Zibilaren prestigioa gogoraraziz eta dudarik txikiena ere uxatuz. Baina esku zoragarri batek filtratu egin zuen Portu eta Sarasola erietxeko larrialdi zerbitzuan artatu zituzten medikuen txostena. Medikuen azterketaren ondorioek txirtxilatu egin zituzten Rubalcabaren argudioak, azalpenak eta aitzakiak. Espainian gehien saltzen den egunkariak editorial gogorra egin behar izan zuen presidenteorde izendatu berri dutenaren aurka, adieraziz bateraezinak zirela medikuen txostena eta ministroaren azalpenak.
Okerrik ezean, bihar hasiko da guardia zibilen aurkako epaiketa Donostiako Lurralde Auzitegian. Fiskaltzak ere kartzela zigorra eskatzen du hainbat akusaturentzat. Bigarren partea, (II), sententzia ezagututakoan.
Rubalcaba (ere) akusatuen aulkian (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu