Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE

Rubalcaba: «Esku batean ikurrina du Urkulluk, eta bestean guraizea»

Lopezek esan du sozialisten lau urteko agintaldian murrizketarik ez dela egin eta ez dela egingo

Patxi Lopez eta Alfredo Perez Rubalcaba, PSE-EEk atzo egindako agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Esku batean ikurrina duela, eta bestean, ezkutuan, guraizeak dituela. Horrelaxe irudikatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia. «Ez dadila Kataluinian gertatu den berdina gertatu hemen; Artur Mas independentziari buruz hitz egiten ari da, eta jendeak murrizketak ahaztu ditu». Hautagai jeltzaleari estrategia berdina ikusten dio buruzagi sozialistak. Eta horren adibidea, herenegun gauean lehendakarigai guztien artean egin zen eztabaidan ikusi zuen: «Murrizketei buruz galdetuta, Patxiri [Lopez] ez zion erantzuten nondik moztuko duen. Eta eskuinak, isiltzen denean, onartu egiten du beti».

Beraz, Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin paralelotasun hori leporatu dio Rubalcabak Urkulluri. Eta Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak ere konparazio hori egin du: «Raxoi bezala, Urkullu guraizeak ezkutatzen ari da, ondoren aizkora atera eta arlo soziala mozteko». Horregatik, murrizketen bidea besterik geratzen ez dela dioten ahotsen aurrean, alternatibak egon badaudela aldarrikatu dute sozialistek. «Bide horrek langabezia gehiago, eta ezberdintasun handiagoak sortzen ditu gizartean», Rubalcabaren esanetan. Eurek, hazkundea sustatuko duen plan bat eskatu dute, «eta ez hitz politak». Hori dela eta, François Hollande Frantziako presidentearen eredua jarraitzea hobetsi du, «beste bide bat dagoela erakusten duelako».

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako gobernuan sozialistak dauden bitartean, murrizketarik ez dela egongo hitz eman du Lopezek. «Lau urte hauetan ez gara politika neoliberalen aurrean makurtu, ez dugu orain egingo».

Identitatea eta hiritartasuna

Abertzaleek aipatzen duten lurraldetasunaren inguruko eztabaidari beldurrik ez diola erakutsi du Rubalcabak: «Espainia anitzean sinesten dugu, denok lekua daukagun, eta autonomia erkidego bakoitzak bere autogobernua duen Espainian. Hori, adostasun eta hitzarmenekin eginda». Eta Lopezek ere ideia horri eutsi dio, «Euskadi bertan bizi garen guztiona delako, eta ez abertzaleena soilik».

Ildo horretan, «hiritartasun» hitzak duen esanahia azpimarratu du. «Ikuspegi unibertsala dauka hitz horrek, hiritar guztiak bere baitan hartzen dituena». Aldiz, abertzaleek babesten duten «identitate» hitza arbuiatu du, «aurrez aurre jartzen baititu herrialde bateko biztanleak, eta nik ez dut hori nahi, nik hiritarrak nahi ditut, kate guztietatik askatzeko». Horregatik, bakoitzak nahi duen identitate edo atxikimendua izanda ere, herri plural baten aldeko aldarria egin du Lopezek. «Elkarrekin bizitzeko pluraltasuna behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.