Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ere aitortu du ezker abertzalean "mugimenduak" ikusten dituela, honek Zutik Euskal Herria ebazpena atera ondotik, baina "gauzak argitzeko" eskatu dio. "Ez da nahikoa [ezker abertzalearen ebazpena]. Izan ere, ondo ikasia dugu gauzak argi-argi geratu behar direla; bestela, hobe ez jokatzea", esan du Rubalcabak Ser Espainiako irrati katean, gaur.
Ezker abertzaleari galdegin dio ETA "konbentzitzeko" armak uzteko. "Bestela, ETArekin moztu dezala argi eta garbi".
Hilabeetako barne eztabaidaren ostean, duela bi aste jakinarazi zuen ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpena, eta militantziak ontzat eman du prozesu demokratikoa eraikitzeko apustua, "jarduera molde guztiak apustuaren zerbitzura" jarriz. "Indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak. (...) Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku-sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz".
PSOEn azkeneko egunetan Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ere aitortu du ezker abertzalea mugitzen ari dela eta "politikaren aldeko hautuak" irabaziko duela.
politika
Rubalcabak aitortu du "mugimenduak" daudela ezker abertzalean, baina "gauzak argitzeko" eskatu dio
Espainiako Barne ministroarentzat ez da nahikoa 'Zutik Euskal Herria' ebazpena, eta bi aukera jarri dizkio ezker abertzaleari: ETA "konbentzitu" armak uzteko edo ETArekin "moztu, argi eta garbi".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu