Gatazka politikoa

Rubalcabak dio ez duela ez espetxe politika ez ETAri dagokiona aldatuko

Ezer aldatzeko arrazoirik ez dagoela esan du, Aresekin, Lopezekin eta guardia zibilen, polizien eta ertzainen buruekin bildu osteanETA ez denez amaitu haren aurka poliziekin eta epaitegiekin tinko arituko dela azaldu du

Alfredo Perez Rubalcaba eta Rodolfo Ares, atzo, Leioan egin zuten bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
ETAren aurkako borrokan «koma bat ere» ez duela aldatuko ziurtatu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro eta Espainiako Gobernuaren presidenteordeak, Euskal Herrira etorrita. Espetxe politika ere ez duela pitin bat ere moldatuko esan du, gaiari buruz espresuki galdetu diotenean: «Espetxe politika terrorismoaren kontrako politikaren zati da». Espainiako Gobernua bi gai horietan ezartzen ari dena «oso emaitza onak» ematen ari dela, ETA ez dela oraindik amaitu, eta beraz, «politika hori aldatzeko arrazoirik» ez dagoela argudiatu du.

Zorrotz mintzatu da Espainiako Barne ministroa Leioako Artaza Jauregian egindako agerraldian, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua alboan duela. Mezu bera eman du Aresek ere, behin eta berriz, atzoko bileren ondoren «oso gustura, pozik», dagoela agerian utzita. «Oso pozik» agertu zen Rubalcaba ere hedabideen aurrean, ia iluntzeko zazpiak zirenean. Atzoko bilerak «aurretik landutakoen jarraipena» izan zirela adierazi arren, «oso emankorrak» izan zirela adierazi zuen.

Eta bileratik bilerara ibili zen Espainiako Barne ministroa Bizkaian. Enpresariekin bazkaldu zuen Getxon, eta, ondoren, Leioako jauregian batzartu zen; Patxi Lopez lehendakariarekin lehenik, eta Rodolfo Aresekin eta Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren buruekin, ondoren.

Jauregi inguruan segurtasunerako zeuden dozenaka eta dozenaka ertzain eta bizkartzain bistan egon ziren jauregi kanpoaldean zein barruan, bertaratzen zirenen kredentzialak jaso eta miatzen. Bileran aritu zirenak, gordeta egon ziren. Denak, bat izan ezik. Galoiz jositako guardia zibil bat bizkartzainen artean egon zen luzaro, harro.

Ordubeteko bilera bukatu ondoren bilera gelan Rubalcaba eta Aresen irudiak hartzeko denbora eman, eta adeitsu sartu ziren agerraldia egiteko prestatutako gelara, elkarri eskua bizkarrean jarrita, hitzartutakoa baino hogei minutu beranduago. Ministroak «agenda estua» izan zuela esanaz argudiatu zuen atzerapena Aresek, bileren ondorioak azaltzeari ekin aurretik.

Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Ertzaintzaren arteko zein Espainiako zein EAEko gobernuen arteko koordinazioaz «harro» dagoela esanda hasi zuen hizketaldia. «Terrorismoaren kontrako borrokan» dutenagatik bereziki; «oso ona da».

113 atxilotu

Elkarlan eta «koordinazio horri esker» aurten «113 terrorista edo ustezko terrorista» atxilotu dituztela adierazi zuen, eta «ETAren zuzendaritza» sei aldiz desegin dutela. «Urte txarra izan da ETArentzat eta ona Zuzenbide Estatuarentzat zein herritarrentzat».Izan ere, Aresen hitzetan, ETA sekula baino ahulago egotea, eta ezker abertzaleak politikara itzuli nahi izatea lortu dute.

Baina oraindik «lan asko» egin behar dela ere esan zuen Herrizaingo sailburuak. «ETA ez da desagertu». Duela astebete txartelak egiteko gailuak lapurtu izana jarri zuen horren erakusgarri.

Horren guztiaren aurrean, «ETArekin eta bere inguruarekin» oso zorrotz jarraituko dutela ohartarazi zuen. ETAren lapurreta «gaitzesteko aukera» izan duela esan zion ezker abertzaleari. Politika egin nahi duela «ekintzez» erakusteko. «Politika egin nahi duenak badaki zer egin behar duen: legea bete eta indarkeria gaitzetsi».

EAri ere igorri zion mezua Aresek: «Ezker abertzalearekin lanean ari diren abertzale demokratei eskatzen diet ezker abertzalearekin oso zorrotzak izateko».

Rubalcabak «harrotasun bikoitza» duela esan zuen; bai lehendakariarekin izandako bilerarekin bai Herrizaingo sailburuarekin eta segurtasun indarretako buruekin izandako bilerarekin «harro» dagoela. «Lan bikaina eta oso koordinazio ona dugu».

Egin beharrekoei buruzko «azterketa partekatuak» poztu du gehien Rubalcaba: «Bi gobernuek eta segurtasun indar guztiek bat egiten dugu». Hori dela eta, ETA «amaitzen» ari dela adierazi zuen.

Ñabardura egin zuen, hala ere: «ETAren amaieraren bidea egiten hasten ari gara baina horrek ez du esan nahi aurten edo datorren urtean amaituko denik». Eta, hori gertatu artean, gogor arituko dela errepikatu zuen, behin eta berriz: «Ez dugu koma bat ere aldatuko. Polizien eta epaitegien tinkotasunarekin eta elkarlanarekin arituko gara». Izan ere, bai Rubalcabaren, bai Aresen eta bai segurtasun indarren lehentasuna ETA amaitzea da, bere hitzetan, eta horretan tematuta jarraituko dute, polizien bidez.

Espainiako presidenteordeak azaldu duenez, Lopez lehendakariarekin ere «terrorismoari buruz» hitz egin zuen, batez ere, eta «bat egin» zuten irakurketan.

'Iraultza zerga'

Enpresariekin egindako bilerari buruz, «oso gustura» egon zela esan du. Ez du baieztatu iraultza zergen eskaerek jarraitzen dutela, baina ukatu ere ez du egin: «Ez da erantzuten erraza; ez dago amaitu diren konstantziarik».

Otegiren azken elkarrizketa baloratzeko eskatuta, ez dagoela «ezer berririk» erantzun zuten Rubalcabak eta Aresek; ezker abertzaleko ordezkariek zein Otegik berak sarri esan dutela gauza bera. «Ekintzak eta erabakiak behar dira eta ez adierazpenak», esan zuen Aresek. Rubalcabak ez duela elkarrizketa irakurtzeko astirik izan aitortu du, baina erantzun egin dio Otegiri: «ETA prest badago, utzi dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.