Rubalcabak dio "ia segurua" dela Leitzakoa ez dela ETAren atentatua izan

Erietxean segitzen du atzo ustez bere buruari tiro egin zion guardia zibilak. Espainiako polizia iturriek hasieran zabaldu zuten ETArekin tiroketa izanda zauritu zela, baina ikerketak bestelakoa dio, poliziaren muntaia izan daitekeela.

2009ko azaroaren 30a
15:02
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ere aitortu du Leitzan (Nafarroa) atzo goizean izandako gertaera ez dela [ETAren] "atentatu terrorista" izan. "Ia seguru esan daiteke", adierazi du gaur. Dena dela, ministroak ez du aitortu nahi izan zauritutako guardia zibilaren muntaia izan denik, ikerketako frogek erakutsi duten bezala.

Leitzako kuartelaren ondoan izan zen gertaera, 3:45ak aldera. Salvador Menendez da zauritutako guardia zibila (Malaga, Espainia; 34 urte) eta kideei esan zien ETAkoak izan zitezkeen lagun batzuk ikusi zituela eraikinaren inguruan, granadak jauritzeko gailua zutela, eta orduan gertatu zela tiroketa.

Espainiako polizia iturriek hasieran zabaldu zuten ETAren atentatua izan zela, baina gero egindako ikerketek diote guardia zibilaren beraren muntaia izan daitekeela guztia. Bi froga dituzte hori egiaztatzeko: aurkitutako bala ez da ETAk erabiltzen duena, baizik eta Guardia Zibilak erabiltzen duena, eta poliziak tiroa metro bateko distantziatik jaso zuen.

Menendezek Nafarroako Ospitalean jarraitzen du, Iruñean, zauri arinak dituen arren, medikuek esan dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.