Krisia Nafarroako Gobernuan

Rubalcabak eta Jimenezek diote Bilduren babesarekin dagoela Barcina karguan

Roberto Jimenezek azaldu du, pentsatu badu ere, bi arrazoigatik ez duela dimititu: batetik, "erantzukizun ariketa" egiteagatik eta, bestetik, "gauzak aldarazi nahi izateagatik", "Nafarroako Gobernuarena den krisia" sozialistek "ordainduko" luketelako.

Roberto Jimenez PSNko burua, atzo eguerdian, egoitzaren atarian. VILLAR LOPEZ, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 7a
17:05
Entzun

Rubalcaba eta Jimenez Madrilen bildu dira gaur, eta bileraren ondoren atera duten oharrean diote Barcinak dimititu egin beharko lukeela, ez duelako gehiengo nahikorik gobernatzeko. Bi horien hitzetan "jasangaitza" da presidentearen egoera, eta gaineratu dute karguan jarraitzen badu, Bilduren babesarekin egiten duela. Presidentea hauteskundeak aurreratzera deitu dute, "nafarrak beste urtebetez ez kaltetzeko". Rubalcaba eta Jimenez gaur bildu dira atzo PSNk PSOEren agindua bete eta Barcinaren kontrako zentsura mozioa ez aurkeztea erabaki ondoren.

Zentsura mozioa gelditzea erabakita Roberto Jimenezek dimisioa emango zuela uste bazen ere, ez du halakorik egingo, "pentsatu" badu ere. Bi arrazoi ditu horretarako: "Batetik, gustatzen ez zaizkidan gauzekin egin izan dudan bezala, erantzukizun ariketa egin behar dudalako, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuarena den krisia sozialistok ordainduko genukeelako". Euren asmoa "egoera aldatzea" zela dio Jimenezek, nafarrek euren iritzia agertzeko, boza eman ahal izatea bilatzen zutela baina, azkenean, egoera "kafkiarra" bihurtu dela.

Arazoaren gakoa Bilduren botoak izan dira, Jimenezen arabera. Aitortu duenez, Nafarroako krisia kudeatzeko PSOEren eta PSNren ikuspegien artean"ezberdintasun handia" dago. "Lurralde batzordean argi ikusten genuen zentsura mozioaren beharra, Barcinaren gobernua mantendu ezinezkoa delako, baina Ferrazen ustez ezin dira Bilduren botoak baliatu hori horrela izateko. Ebrotik behera, Bildu beste era batera ikusten dute, hemen ez bezala".

Jimenez ziur dago UPNk "higatze garrantzitsua" izango duela 2015eko hauteskundeetan: "Nafarroako gizarteak aldaketa nahi du, gogaituta dago: hainbeste, ezen aurretik eramango baitu Barcinaren gobernua". Aldaketa gogo hori "hobekien" bideratzen duenak izango ditu emaitzarik onenak hauteskundeetan.

Erreakzioak: PP salbu, oposizioa haserre

Bildu

Maiorga Ramirez bozeramaileak esan du lotsagarria dela PSNk Nafarroako herritarrei "ahotsa itzularazteko beharra traizionatu izana". Sozialisten jarrera "politikoki onartezina" dela salatu dute, eta "egoera larrian" uzten dituela. "Nafarroan PSNk hainbatetan frogatu du aurrez hartutako konpromisoak bertanbehera uzten dituela, beti, eskuinaren onerako". Hori dela eta, sozialistenganako konfiantza "ezin beherago" dago: "Aldaketa nahi duen inork ezin du PSNrekin fidatu, eta ardura politiko horiek hauteskundeetan asimilatu beharko ditu". Herritarrei "ilea hartu" diete, Ramirezen ustez.

PP

Eloy Villanuevak ongi ikusi du Nafarroako sozialisten erabakia: "Hainbat hilabete daramagu esaten ez direla hauteskundeak egin behar Nafarroan, eta beraz, hasieratik defendatu genuen zentsura moziorik ere ez zukeela egon behar".

Villanuevak eskua luzatu die sozialistei, etorkizunean akordioak egiteko, halakorik egon ezean, "egoera oso konplexuan geratuko baita Nafarroa". Zentzu horretan, UPN eta PPNri erreferentzia eginez, inongo alderdiri "betorik ez jartzeko" eskaera egin dio.

Geroa Bai

Patxi Leunza eta Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentariek euren haserrea agertu dute ohar baten bidez, "Nafarroatik kanpo eta nafarren interesei kasurik egin gabe" hartu dituztelako sozialistek lurraldearen etorkizunari buruzko erabakiak. Alderdiaren eta hauteskundeei begirako interesak ahaztu eta Nafarroako gizartea lehenesteko sozialistek izan duten "gaitasunik eza" salatu dute: "Guztiz arbuiatzen dugu PSN-PSOEk erakutsitako ausardia politiko falta: nafarren duintasunari egindako atzaparkada berri bat da, Parlamentuaren gehiengoak adierazitako borondateari jaramonik egin gabe".

Arazoari konponbidea emateko "modu bakarra" hauteskundeak aurreratzea zen Geroa Bairen ustez, "gobernu indartsu eta iraunkor bat" sortu ahal izateko, eta ondorioz, krisi egoerari aurre egin ahal izateko.

Aralar-NaBai

Sozialisten erabakia "tristea" eta "larria" dela adierazi du Xabi Lasak: PSNk "okerreko bidea" hartu duela uste du, eta haren esanetan, "aldaketa politikorako alternatiba izateari utzi dio". Lasak gogoratu duenez, baina, "ez da sozialistek halakorik egiten duten lehenengo aldia", eta beraz, ez da harritzekoa izan. Lasaren arabera, PSN "nortzuek osatzen duten benetan" argitu beharko dute sozialistek: "Antza, gurekin biltzen zirenek ez baitute erabakimenik".

Ezkerra

PSNren erabakia "guztiz etsigarria" dela uste du Jose Miguel Nuinek. "Zein da PSOEren eredu federala, Nafarroan aldaketa egotea eragozten duena beti, eskuinaren aurrean? Hori ez da federalismoa, hori zentralismoa da". Horren ondorioz, Nafarren beharrei erantzungo dieten erabakiak Nafarroan hartzea eragozten du.

UPN

Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak adierazi du "ona" dela zentsura moziorik ez egotea, aurrera egin izan balu, "ez baitzuen arazoa konponduko". Adaneroren ustez, sozialistek nahiago dute UPN gobernuan egotea, "ideologikoki hain desberdinak" direnen artean zentsura mozioa aurkeztu baino. Adierazi duenez, Nafarroaren etorkizuna UPNren eta PSNren arteko akordioen bidezkoa izango da. Oraindik ez ei dira jarri harremanetan sozialistekin: "Itxaron egin behar da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.