politika

Rubalcabak ohartarazi du legedia aldatuko dutela ezker abertzalea bozetan ez izateko

Espainiako Barne ministroak ETAren indarkeriarekin mozteko edo ETAk armak uzteko baldintza jarri du. Caamaño Justizia ministroak dio "EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioak izaera politikoa" daukala eta "soilik balorazio politikoa" egin behar dela. Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak esan du "ETAk ekarpen positiboa" egingo duela. Unescoko zuzendari nagusi ohia baikor azaldu da.

2010eko ekainaren 22a
15:09
Entzun
Nahiz eta gaur goizean Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justiziak ministroak esan "EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioak izaera politikoa" duela eta "horri buruzko balorazioak soilik politikoa" izan behar duela, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ohartarazi du legedia aldatuko dutela ezker abertzaleko kideak EAkoekin hauteskundeetan egon ez daitezen, "ezin delako terrorismoa babestu erakundeetatik".

Ezker abertzalea bozetan izateko -2011ko maiatzean izango dira hurrengoak: udal eta foruetakoak-, betiko baldintza jarri du Rubalcabak: hark ETAren indarkeriarekin moztea edo ETAk armak uztea.

Igandean sinatu zuten akordio estrategikoa EAk eta ezker abertzaleak, Bilbon, euskal estatu independentea lortzeko helburuarekin. "Bide zibil, politiko eta demokratikoak erabiltzeko behin betiko konpromiso irmoa" dutela diote akordioko idatzian.

"Zer gertatzen den ikusi beharko dugu", adierazi du Caamañok Madrilen, Carlos Divar Espainiako Auzitegi Goreneko presidentearekin hitzarmen bat sinatu duen ekitaldian.

Justizia ministroak "Batasunari" eskatu dio ETAren indarkeriatik aldentzeko "pauso garbiak" eman ditzala.

Erkiziaren arabera, "segurtasun osoz ETAk ekarpen positiboa" egingo du

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen ustez, EAk eta ezker abertzaleak euskal estatua lortzeko helburuarekin igandean egindako akordio estrategikoaren ondoren, "segurtasun osoz ETAk ekarpen positiboa" egingo du.

Erkiziaren arabera, ezker abertzaleak "atzerabueltarik gabeko apustua egin du, bide baketsuen eta demokratikoen aldekoa", eta euren barne eztabaidaren ondoren "ETAk bi aldiz esan du ados dagoela gogoetekin eta ondorioekin".

Azken bi bake prozesuekin alderatuta, ezker abertzaleak "alde bakarreko ekimena" hartu izana da aldea, Erkiziak gaur Onda Vascan esan duenez.

Espainiako Gobernua, PSOE eta PPren jarrerak kritikatu ditu, "EAko baseetan beldurra sortu nahian dabiltzalako" alderdi horren balizko legez kanporatzeaz.

Mayor Zaragoza "itxaropentsu"

Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusi ohiak uste du "ETAren bukaera behin ere baino gertuago" dagoela, eta "baikor egoteko arrazoiak" daudela adierazi du gaur, Donostian. "Azkar hel gaitezke konponbidera, [ETAk] indarkeria uztera. Itxaropentsu nago".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.