Nafarroako Ahal Dugu-ren egituraren eta korronte kritikoaren arteko talkaren beste adierazle bat da. Ruben Velasco Nafarroako Parlamentuko ordezkariak utzi egin du Ahal Dugu. Alderdiak parlamentari akta uzteko eskatu dio segidan.
Ahal Dugu-ren Koordinazio Kontseiluaren esanetan, Velascok, alderdia utzi duenez, eten egin behar ditu "alderdiarekin eta haren proiektuarekin dituen lotura guztiak", eta, beraz, parlamentari akta entregatzeko eskatu diote, "kode etikoak agindu bezala".
Horrez gain, Koordinazio Kontseiluak jakinarazi du Velascok aurretik kokatu zuela bere burua "Ahal Dugu-tik kanpo", "hilabeteak" direla alderdira bere soldatatik dagokion zatia bideratzen ez duela.
Velescok erantzun du ez duela parlamentari akta utziko. Haren esanetan, ez luke zentzurik akta zuzendaritzaren esku uzteak, "alderdiak Nafarroan dituen organoen barne demokrazia falta eta Berme Batzordearen funtzionamendua" krititatu dute eta.
Parlamentariak denbora zeraman alderdia uzteko aukerari bueltaka. Haren esanetan, "soberan" daude horretarako arrazoiak. Hala ere, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren eta Irene Montero alderdiko diputatuaren etxebizitzari buruzko galdeketak bultzatu du erabakia hartzera. "Pabliszitu" horrek alderdiaren "norabide falta" frogatzen du, Velascoren iritziz. Kontu pertsonal bat alderdiko eztabaidagai bihurtu izana kritikatu du.
Horrez gain, Velascoren erabakirako arrazoi nagusietako bat izan da "Nafarroako Ahal Dugu-n gertatu den guztia". Zuzendaritzari leporatu dio "alderdiaren erdia garbitu" nahi izatea.
Velasco kritiko agertu da alderdiaren zuzendaritzarekiko hark eta Perezek izan duten gatazkan —maiatzaren hasieran berretsi zuen Ahal Dugu-k Perez alderditik kanporatzeko erabakia—.