Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak adierazi du "bake prozesua erabaki judizialen, atxiloketen eta eskubide urraketen gainetik" dagoela, eta prozesu horren helburua "bakea eta normalizazio demokratikoa" lortzea dela, aipatutako egoerak gainditzeko.
Ezker abertzaleak eta ETAk apustu hori egina dutela esan du Etxeberriak, bart Ser Espainiako irrati katean egin dioten elkarrizketan, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei pausoak emateko eskatu die. "ETAren [urriaren 20ko] adierazpenak oinarrizko baldintzak jarri zituen elkarrizketa prozesu bati ekiteko. Prozesu horrek bi bide ditu, gatazkaren ondorioei eta zioei irtenbidea emateko".
Etxeberriaren arabera, "ETA elkarrizketa hori hasteko prest" dago, eta aipatu du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere horixe esan berri duela. Erakunde armatuaren desarmerako elkarrizketetan, ETAk eta gobernuek ez ezik, biek onartutako hirugarren eragile batek ere parte hartu beharko lukeela esan du ezker abertzaleko kideak, "era ordenatu eta garbian egiteko". Uste du ez dagoela arriskurik ETAn haustura egoteko.
Halaber, adierazi du ezker abertzaleak duela hilabate batzuk Donostiako Kursaalean egindako adierazpenak aitortu zuela ETAk "mina" eragin izan duela, baina halako "autokritikak" denek egin behar dituztela azpimarratu du Etxeberriak, era guztietako indarkeria egon dela iritzita.