Auzitegiak ohartarazi duenez, Espainiako arauak ez du ahalbidetzen etxe kaleratze bat etetea, nahiz eta argudiatu hipotekak "gehiegizko" baldintzak dituela; epaitegiak kritikatu du, Espainiako araudiaren arabera, baldintzen gaineko eztabaida beste epaiketa batean ebatzi behar dela eta kaleratzea gauzatu egiten dela.
Europako Batasuneko arauen aurkakoa da etxe kaleratzeen Espainiako legea, epaitegiaren arabera. Ebazpenean, azaldu du kontsumitzaileen eskubideak urratzen dituela. Epaia argitaratu den unetik bertatik dago indarrean, eta, beraz, kontuan hartu beharko da etxe kaleratzeen inguruan zabalik dauden auzietan.
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak iragarri du legea aldatu egingo dutela, Europako araudira egokitzeko. Esan du oraindik ez dituela ezagutzen epaiaren xehetasunak, baina gaineratu du Europako legeriaren aurkakoak diren puntu guztiak "zuzendu" egingo dituztela.
Bartzelonako herritar batek eraman zuen auzia Europako epaitegietara, 2011ko martxoan etxetik kaleratua izan ondoren.
Gonzalo Moliner Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak esan duenez, Europatik heldutako ebazpena "berehala ezar daiteke" Espainian, eta argitu du gobernuak legea aldatu beharko duela.