EAEko Justizia Auzitegi Nagusia

Ruiz Piñeiro: "Epaile batek ez du zertan hizkuntza koofizial bat jakin beharrik, zuzenbideaz jakin behar du"

Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berriaren esanetan, Autonomi Erkidego bateko epaile batek ez du zertan lurralde horretako hizkuntza koofiziala jakin beharrik, baizik eta zuzenbideaz jakin behar du. Dagokion kargua hartzeko garaian "hizkuntza hori jakitea meritua" litzateke, gaineratu du Ruiz Piñeirok ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen arabera, epaile batek "argi" izan behar du Estatuko botere baten parte dela. Horrez gain, epaileek erabakiak hartzen dituztenean "independentzia osoz" hartzen dituztela azpimarratu du.

2004ko urtarrilaren 22a
12:33
Entzun
EAEko epaitegieek eta euskarak izan beharko luketen harremanaz galdetzean, Ruiz Piñeirok oso argi du erantzuna. "Epaile batek ez du zertan hizkuntza koofiziala jakin beharrik, zuzenbideaz jakin behar du", zehaztu du Ruiz Piñeirok. Haren ustez, "euskara jakitea meritua" izango litzateke kargu bat hartzeko garaian.

Fernando Ruiz Piñeirok Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren aurkako prozesu judiziala ebatzi beharko du garaia iristen zaionean, eta "hartu beharreko erabakia hartuko dut, eta independentzia guztiz gainera". Manuel Maria Zorrila orain arteko presidenteak atzo utzi zuen kargua eta "presaka" hartu ote duen galdetuta "ezetz" erantzun du. "Lehen aldia da epaile batek bere kargua presaka utzi duela irakurri dudala", nabarmendu du.Ruiz Piñeiro datorren otsailaren 6an izendatuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente.

Ibarretxe plana

Ibarretxek bere proposamena kaleratu eta denbora batera, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen gaia, proposamen konstituzionaltasun bermatzen zen edo ez ebazteko. Jarrera horrek epaitegiak "gutxiesten" ote dituen galdetzean "ezetz" erantzun du. "Gobernuak abian jarritako tramite horiek bi aldeek duten defentsa eskubidea bermatzeko egin dira", azpimarratu du Ruiz Piñeirok.

Espainiako Gobernuak Zigor Kodea aldatzeko "moduaz eta presaz" iritzia emateko galdetu diote Ruiz Piñeirori, eta "aldaketa legediaren barruan" egin dela nabarmendu du. "Arau berri bat onartu da hala erabaki dutelako, gehiengoz erabaki dute, eta forma aldetik eman beharreko urratsak eman dira", zehaztu du.

Epaileen politizazioa

Ruiz Piñeiroren esanetan, "politika judizialitzera" ezin daiteke iritsi, eta epaileek euren ardurak zeintzuk diren argi dakitela nabarmendu du. "Estatuko botere baten parte gara, harro gaude herritarren eskubideak bermatzen ditugulako, eta argi dago, epaileok erabaki bat hartzen dugunean independentzia osoz hartzen ditugu, eta hori azpimarratu egin nahi dut", adierazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaile berriak. Halaber, komunikabideek egin ditzaketen presioen aurrean " ez dela eroriko" argi utzi nahi izan du. "Gu botere bat gara, justizia administrazioaren profesionalak gara, eta herritarren eskubideak defendatzen ditugunak", azpimarratu du.

Ruiz Piñeirok argitu duenez, EAEn lan egiten duten epaileek ez dute sekula hartu erabaki bat beldurra dela medio, "baizik eta kontzientziaz, kargua hartzen dugunean Konstituzioari zin egiten badiogu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.