Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak deklarazio instituzional bat onartu du gaur. Hartan esaten denez, Espainiako Konstituzoak ez du babesten Jaurlaritzak atzo egindako eskaera. Batasunarekin hitz egiteagatik Juan Jose Ibarretxeri Ermuko Foroak ezarritako kereila tramiterako onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta auzitegi horretako presidente Fernando Ruiz Piñeirok Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu zuen atzo hirukoak. Gaur egin dute eskaera formala Joseba Egibarrek (EAJ), Antton Karrerak (EB) eta Unai Ziarretak (EA).
Kereila tramiterako onartzea oso larria zela salatu zuen atzo Jaurlaritzak, eta "harrituta eta haserre" zeudela esan zuen Miren Azkarate Jaurlaritzaren eledunak, Jaurlaritzako sailburu orok euren burua inkulpatuko zutela ere esan zuten atzo, Ibarretxe erruduna bada denak direla errudun esanez.
Jaurlaritzari salaketa jarriko dio Ermuko Foroak
Euren burua inkulpatuko dutela benetakoa bada, salaketa Jaurlaritzako sailburu guztien kontra jarriko dute, Ermuko Foroko abokatu Fernando Garcia Capelok esan duenez. Ziurtatuz gero ez dutela inolako arazorik horretarako, azpimarratu du.
Mikel Buesa Ermuko Foroko presidenteak, berriz, azaldu duenez, " propaganda eta asaldura besterik ez da Jaurlaritzaren atzoko adierazpen ofiziala", eta EAEko Auzitegi Nagusiari eskatuko dio inkulpazioaren baieztapena. Herri Irratian esan du hori Buesak.
politika
Ruiz Piñeirok Legebiltzarrean azalpenak emateko Jaurlaritzaren eskaerak "ez du babesik ordenamendu konstituzionalean"
Gaur egin du Jaurlaritzak eskaera formala, Fernando Ruiz Piñeirok lehenbailehen azalpenak eman ditzan Eusko Legebiltzarrean, baina EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak ez du zertan azalpenik eman, Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak hala erabaki baitu aho batez gaur. Erabaki horren arabera, Jaurlaritzaren eskaerak "ez du babesik ordenamendu konstituzionalean". Epaileen eskubideak babesten eta haien zeregina jarraitzen du kontseilu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu