Politikoen solasaldia

Ruiz Piñeiroren hitzek "euskararekiko mesprezua eta sentsibilitate eza" adierazten dutela azpimarratu dute solaskideek

Markel Olano (EAJ), Mikel Arana (EB-IU), Pernando Barrena (Batasuna), Ramon Etxezarreta (PSE-EE) eta Sabin Intxaurraga (EA) bat etorri dira Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berriak atzo esandako hitzak baloratzeko garaian, Euskadi irratiko tertulian. "Euskararekiko mesprezua eta sentsibilitate eza" izatea egotzi diote bost solasaskideek Ruiz Piñeirori. Olano haratago joan da, eta epaile berriaren izendapena "irizpide politikoak erabiliz eta testuinguru zehatz batean" egin dela nabarmendu du.

2004ko urtarrilaren 23a
15:28
Entzun
Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berriak epaileek ez dutela zertan hizkuntza koofizial bat jakin beharrik, baizik eta zuzenbideaz jakin behar duela adierazi zuen atzo ETB-2ko 'El Punto' saioan, eta erreakzioa eta zeresan ugari eragin dute.

Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak "harriduraz" hartu ditu Ruiz Piñeiroren hitzak, eta "euskarari mesprezua edukitzea" leporatu dio. Hala ere, zenbait alderdiko bozeramaile ere kontraesanean erortzen direla adierazi du, euskaraz ez dakitelako. "Euskararekin konpromisoa baldin badugu, beti egin behar da", adierazi du Intxaurragak.

Batasuneko kide Pernando Barrenari "adierazpen larriak" iruditu zaizkio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berriarenak, ez da harritu horrelako adierazpenak entzunda. "Epaile batek sentsibilitate gehiago eduki behar luke; Zuzenbide Forala ere mesprezatu egiten du", adierazi du Barrenak. "Justiziaz hitz egiten ari gara, baina justizia espainiarraz", azpimarratu du.

Mikel Aranaren esanetan, legediak ez du behartzen epaile euskara ikastera, baina Ruiz Piñeirok berak "euskara hitza" aipatu ere ez zuela egin nabarmendu du, "hizkuntza koofiziala" erabili zuen. "Euskara ikasten ari diren epaileei esaten ari zaie ez dela beharrezkoa euskaraz ikastea, eta hori zartako handia da", zehaztu du Aranak. Euskaraz ez badaki "sentsibilitatea eta gutxieneko errespetua eduki" beharko lukeela esan du EB-IUko kideak. "Zartako handia da justizia elebiduna nahi dugunontzat", azpimarratu du.

Olano: "Irizpide politikoak daude atzean"

Markel Olano EAJko EBBko kideak Ruiz Piñeiroren aukeraketa nola egin den nabarmendu du nahi izan du. "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aukeratu du, gehiengoz PPren esku dagoen organismoa da, eta irizpide politikoak daude atzean, eta gainera testuinguru jakin batean aukeratu dute, Atutxaren aurkako prozesua irekita dagoenean", nabarmendu du. Halaber, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berria "PPren tesiak defendatzeko prest dagoen epailea" dela azpimarratu du Olanok.

Ramon Etxezarretan "sentsibiltate eza" edukitzea egotzi dio, eta epaileek euskara jakin behar duten edo ez arautu egin beharko litzatekeela azpimarratu du, "gure komunitatean bi hizkuntza ofizial daudelako".

Imazen adierazpenen inguruan

Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak lehen agerraldia eskaini zuen asteazkenean kargu berria hartu zuenetik, eta Euskal Herria existitzen dela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela nabarmendu zuen. PSE-EEk aldaketa ikusi du Imazen hitzetan eta hitz egiteko gonbitea egin dio. Horren harira, Ramon Etxezarreta PSE-EEko Donostiako zinegotziak "elkarlana posible" izan behar dela esan du, hori ez dela sekula baztertu behar. "Imazek beste diskurtso bat du, Arzalluzekin eta Egibarrekin alderatuz", zehaztu du.

Markel Olanorentzat "norberaren talentua" garrantzitsua da, "baina garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit printzipioak eta edukiak". Olanoren iritziz, Ibarretxeren hitz egiteko talentua hor dagoela nabarmendu du, eta "PSOEk ohore bat bezala ikusten du berarekin ez hitz egitea".

Pernando Barrenaren iritzi, Imazek 1998. urtearen aurreko garaietara eraman nahi du EAJ. "Diskurtsoan ez dago gauza berri gehiegirik, eta ateak eta gero eta itxiago jartzen ari dira. Hala ere, aurrekoan esan bezala, diskurtsoaren zati batekin ados nago", esan du Batasuneko kideak.

Sabin Intxaurragaren esanetan, Josu Jon Imazek "erronka handia" du aurrean, baina EAtik zenbait gauza "kezkaz" hartzen direla nabarmendu du. "Nik badakit Espainiako abertzaleekin eraiki behar dela herri hau, baina Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela aitortzen ez bitartean, abertzaleok eman beharko ditugu urratsak, eta abertzaleen arteko frontearen aldekoa naiz".

EAJ-EAren arteko harremanaz

Intxaurragak adiearazi duenez, EAJ eta EAren arteko harremanak "normalizatuak" dira. "EA sortu zenetik ezkerreko, abertzale, aurrerakoi eta bakezaleak elkartzeko helburua izan du, eta EAJren helburua berriz, daukan eremua garatzen joatea da", esan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak bat egin dute gure nahiekin, eta "aliantza estrategiko normala hori izan beharko litzateke".

"Zentzuzko gauza bat proposatzen ari gara, abertzaleen arteko bloke bat sortzea, Nafarroan egin dugu bezalaxe EAEn gauza bera egitea", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.